EA Sports Liga
Alavesek nagusitasunez mendean hartu du Las Palmas (2-0)
EITB MEDIA
Garaipen garrantzitsua lortu du talde babazorroak geldialdira zazpi punturekin joateko. Neurketako golegileak Carlos Vicente eta Toni Martinez izan dira. Abantaila are handiagoa izan zitekeen, baina Conechnyren gol batek ez du balio izan jokoz kanpo egoteagatik, eta Romerok penalti bat huts egin du.
Alavesek 2-0 irabazi dio Union Deportiva Las Palmasi, Mendizorrotzan, 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako 4. jardunaldiko partidan.
Carlos Vicentek eta Toni Martinezek egindako golei esker, Gasteizko taldea bi asteko geldialdira zazpi punturekin joango da, taulako laugarren tokia eskuratuz. Babazorroen abantaila are handiagoa izan zitekeen, baina Conechnyren gol batek ez du balio izan jokoz kanpo egoteagatik, eta Luka Romerok penalti bat huts egin du azken unean.
Norgehiagokako lehen minutuetan, Luis Carrionen taldeak eroso jokatu du, eta Alaves zelaiko lehen hiru laurdenetan zain egon da.
Babazorroen lehen hurbilketan, 6. minutuan, Carlos Vicentek egin du etxekoen lehen gola. Stoichkovek ezkerretik erdiraketa bikaina egin ondoren, Carlos Vicente atzetik heldu da, eta area barruan errematea egin du sarera bidaltzeko.
Las Palmasek jasotako golari erantzun nahi izan dio, eta Jaime Matak aukera bikaina izan du norgehiagoka ia berehala berdintzeko. Luze jo duen baloi baten ostean, Matak baloia atera jaurti du, baina Antonio Sivera atezainak baloia sare barrura sartzea eragotzi du.
Etxeko taldeak abantaila handitzeko aukera izan du, baina Conechnyk atsedenaldiaren atarian egindako gola baliogabetu du epaileak, izan ere, Alaveseko jokalaria jokoz kanpo zegoela erabaki du VARek.
Behin bigarren zatia hasita, 52. minutuan, Stoickovek aukera paregabea izan du. Alaveseko erdilariak bira eman du zuloa egiteko eta area erditik jaurtiketa egiteko, baina bere ezkerkada atetik gertu joan da.
Partidak aurrera egin ahala, Alavesek protagonismo handiagoa beraganatu du. Hala ere, Moleiro norgehiagoka berdintzear egon da bakarkako jokaldi batekin, baina Sivera atezainak egindako geldiketa bikainak eragotzi du bigarrenez baloia sareetara sartzea.
78. minutuan, Toni Martinezek, Mendizorrotzako idolo berriak, partida erabakita utzi du jardunaldiko goletako batekin. Iritsi berriak Cillessen gainditu du area kanpotik, eta baloia eskuadratik sartu du.
Azken txanpan, Luka Romerok penalti puntutik gola sartzeko parada izan du, baina argentinarrak kanpora jaurti du baloia.
Fitxa teknikoa
,2 - Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar, Sedlar, Sanchez; Blanco, Guridi (Romero, 82. min); Vicente (Novoa, 82.min), Conechny (Carlos Martin, 64. min), Stoichkov (Guevara, 69. min); eta Kike Garcia (Toni Martinez, 64. min).
0 - Las Palmas: Cillessen; Viti (Marvin, 58. min), Alex Suarez, McKenna, Mika Marmol; Javi Muñoz, Campaña (Loiodice, 64. mn), Kirian (Cardona, 77. min); Mata (Sandro, 58. min), McBurnie y Fuster (Moleiro, 46. min).
Epailea: García Verdura. Txartel horia atera die Guridi (32. min), Conechny (45. min) eta Abqar (83. min) jokalariei.
Golak: 1-0, 8. min: Vicente. 2-0, 78. min: Toni Martinez.