Itxi

Errege Kopa

Baztanek, Aurrera Vitoriak eta Sestao Riverrek ezin izan dute Errege Kopako lehen kanporaketarako sailkatu

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Nafarroako eta Gasteizko taldeak txapelketako aurretiko kanporaketan gelditu dira at, Ontiñenaren eta Villamurielen aurka galduta, hurrenez hurren; Sestao River, Compostelaren kontra galdu eta gero, final laurdenetan Federazio Kopatik kanpo geratu da, eta, ondorioz, ez da osteguneko zozketan izango.

Las Llanasen jokatutako Sestao River-Compostela partidako jokaldi bat. Argazkia: Sestao River.

Baztan, Aurrera Vitoria eta Sestao River ez dira izango 2024-25 denboraldiko Errege Kopako lehenengo kanporaketako zozketan. Ostegunean, hilaren 10ean egingo da, 13:00etan hasita, eta, besteak beste, Lehen Mailako 16 talde izango dira. Asteazkenean, Baztan eta Aurrera txapelketako aurretiko kanporaketan kanporatu dituzte, hurrenez hurren, Ontiñenak, penalti jaurtiketetan, eta Villamurielek, 1-0, eta Sestao River, aldiz, Federazio Kopako final laurdenetan, Compostelak menderatu du; kontuan izanik Federazio Kopako finalerdietako lau taldeek Errege Kopako lehen kanporaketarako txartela lortuko zutela, Sestao Riverrek ez du horretarako txartela eskuratu.

Testuinguru horretan, Giltxaurdin, Elizondon, Baztanek gertu-gertu izan du sailkatzea; lortu izan balitz, Lehen Mailako talderen batek bisitatuko zukeen Nafarroako futbol zelai hori. Azkenean, Baztanek penaltietan galdu du, Ontiñena aurkari. Aragoiko taldeak hartu du aurrea, hamargarren minutuan, Oriolen golari esker, baina, 36.ean, Haritzek banakoa egin du. Bigarren zatian, Ontiñena hamar jokalarirekin gelditu da, baina eutsi egin dio, eta penaltietan erabaki da kanporaketa; orduan, bisitariak hobeto aritu dira, eta aurrera egitea erdietsi dute.

Rafael Vazquez Sedano futbol zelaian, Villamurielek, 70. minutuan sartutako golari esker, Kopatik kanpo utzi du Aurrera Vitoria. Chembyk egin du kanporaketa erabaki duen gola. Horrenbestez, Arabako taldeak ezingo du zozketan egon ostegunean, bertan izango diren club handiekin batera.

Las Llanasen, Sestao Riverren asmoa zen Federazio Kopatik eskuratzea Errege Koparako txartela, baina Jesus Ocañak hamabigarren minutuan sartutako golak saririk gabe utzi du Ezkerraldeko taldea. Sestao River amaierara arte ahalegindu da, eta, luzapenean berdintzear izan da, baina Compostelako atezainak, geldiketa bikaina eginez, saihestu egin du hori.