Itxi

Salaketa

Europako liga txapelketek FIFAren aurkako salaketa aurkeztu dute Bruselan, egutegia beteta baitago

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Espainiako Ligak ere jarri du salaketa, bai eta FIFProk ere; azken hori da Futbolari Profesionalen Nazioarteko Federazioa.

Grezia-Irlanda Nazioen Ligako partidako jokaldietako bat. Argazkia: EFE.

Europako futbol liga txapelketek  —Espainiako Estatukoak barne— eta FIFPro Futbolari Profesionalen Nazioarteko Federazioak FIFA salatu dute, astelehenean, Europako Batzordearen aurrean; salatzaileen iritziz, FIFAk, Europako Batasuneko futbolean duen posizio nagusia baliatuz, abusua egiten du kirol horretako txapelketetako egutegiak zehaztu behar dituenean.

"Kexan, azalduta dago FIFAk, nazioarteko egutegiaren gaineko erabakiak hartzen dituenean, posizio nagusiaren abusua egiten duela, eta urratu egiten duela Europar Batasuneko legea. Azken jurisprudentziak argi uzten du FIFAk modu garden, objektibo, ez diskriminatzaile eta neurtuan egin behar dituela bere funtzio arautzaileak, interes-gatazka deuseztatze aldera", adierazi dute salatzaileek, ohar bidez.

Bruselan emandako prentsaurrekoan, "Futbolarien osasuna babesteko eta Europako liga nazionalen jasangarritasuna zaintzeko, FIFAren abusu jarreraren aurka" izenburupean, besteak beste FIFPro Europeko, Espainiako Ligako edo Ingalaterrako Premier Leagueko ordezkariek FIFAri leporatu diote ez duela hitz egiten liga nazionalekin nazioarteko txapelketetako egutegiak zehaztu behar dituenean.

Espainiako Ligako presidente Javier Tebasek zalantzan jarri du FIFAk eta UEFAk "modu egokian" baliatzen ote duten haien posizioa, kontuan izanik "Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak onartu egin duela monopolioa dela"; ziurtatu ere ziurtatu du "futbolaren garapenean giltzarriak diren" bi erakunde horiek "posizio nagusiaren abusua" egiten ari direla.

"Prozesu gardena ere nahi dugu, akordioak nahi ditugu, ez soilik kontsultak, jokalarientzat eta herrialdeetako ligetarako jasangarria den egutegia nahi dugu", laburbildu du Mathieu Moreuil Premier Leagueko Nazioarteko Harremanetako zuzendariak.

Albisteak (3)