Europa Liga (3. jardunaldia)
Realak lehen garaipena bereganatu nahi du Europa Ligan, eta Athletic bigarrena jarraian lortzen saiatuko da
EITB Media
Talde zuri-urdinak Maccabi Tel Aviv izango du aurkari liga faseko hirugarren jardunaldian. Partida Belgraden jokatuko da, 18:45ean. Bestalde, zuri-gorriek Slavia Praga hartuko dute San Mamesen, 21:00etan.
Realak eta Athleticek ostegun honetan, urriaren 24an, jokatuko dituzte Europa Ligako hirugarren jardunaldiko partidak. Zuri-urdinek lehen garaipena bereganatu nahi dute txapelketa horretan; zuri-gorriek, aldiz, bigarrenez jarraian irabaztea dute helburu.
Ostegun honetako 18:45ean jokatuko du Realak. Donostiako taldeak Macabbi Tel Aviv izango du aurkari, Belgraden. Zuri-urdinek berdindu egin zuten Nizaren kontra lehen jardunaldian, eta porrot egin zuten Anderlechten aurka bigarrenean. Hortaz, Imanol Alguacilek zuzendutako taldeak hiru puntuak behar ditu, sailkapenean aurrera egiteko.
Maccabiren aurkako neurketarako Alex Remiro atezaina eta Igor Zubeldia atzelaria ez dira jokatzeko prest egongo; beraz, zuri-urdinen atepean Unai Marrero egongo da.
Bestalde, Athleticek San Mamesen jokatuko du hirugarren jardunaldiko neurketa Slavia Pragaren kontra, 21.00etan. Bilboko taldeak Erromarekin berdindu zuen lehen jardunaldian eta irabazi egin zion AZ Alkmaarri bigarrenean. Ernesto Valverdek zuzentzen dituen mutilek hiru puntuak lortu nahi dituzte sailkapenaren goialdean kokatzeko.
Slavia Pragaren aurkako lehiarako Oihan Sancet jokatzeko prest egotea espero da, baita Mikel Vesga ere, biak ala biak talde-lanean ibili baitira aste honetako entrenamenduetan.