UEFA Europa League
Athleticek galdu gabe jarraitu nahi du Europa Ligan eta Reala bigarren garaipenaren bila doa
EITB Media
Zuri-gorriek Ludogorets izango dute aurkari Bulgarian, txapelketako 4. jardunaldiko partidan; neurketa 18:45ean jokatuko da. Horrez gain, txuri-urdinek Viktoria Plzenen kontra jokatuko dute, Txekiako Errepublikan, 21:00etan.
Athleticek eta Realak 2024-2025 Europa Ligako laugarren jardunaldiko partidak jokatuko dituzte ostegun honetan, azaroaren 7an, Bulgarian eta Txekiako Errepublikan, hurrenez hurren.
Zuri-gorriek Ludogoretsi egingo diote bisita, eta norgehiagoka 18:45ean hasiko da. Bilboko taldeak porrot egin gabe jarraitu nahi du Europa Ligan, orain arte neurketa bat berdindu eta bi irabazita. Jauregizar eta Guruzeta, min hartuta, ez dira jokatzeko prest egongo. Unai Simonek ere sendatze prozesuan jarraitzen du oraindik. Hala ere, Betisen aurkako partidan min hartu zuen Oihan Sancet deialdian sartu da. Klubak azaroaren 4an jakinarazi zuen Sancetek bihurritua zuela ezker orkatilako barrualdeko alboko lotailuan; dena den, taldeko espedizioarekin batera joan da Bulgariara. Athleticek zazpi puntu ditu, eta sailkapeneko zortzigarren postuan da, hirutik hiru norgehiagoka irabazi dituzten Lazio, Tottenham eta Anderlecht taldeekiko bi puntuko aldearekin.
Orain arte, Ludogoretsek puntu bakarra poltsikoratu du Europa Ligan, bigarren jardunaldian Viktoria Plzenekin berdintzea lortu baitzuen; beste bi partidak, ordea, galdu egin zituen Slavia Pragaren eta Anderlechten aurka. Bulgariako ligan, aldiz, Razgradeko taldea liderra da 13tik 12 neurketa irabazita eta partida bat berdinduta.
Bestalde, Realak hitzordua du Txekiako Errepublikan. Txuri-urdinek Viktoria Plzen izango dute aurkari, eta neurketa 21:00etan hasiko da. Donostiako taldeak bigarren garaipena jarraian erdietsi nahi du txapelketa horretan. Hiru jardunalditan lau puntu bildu ditu Realak, Nizarekin berdindu, Anderlechten aurka galdu eta Maccabi Tel Aviv menderatuta. Europa Ligako laugarren jardunaldiko partidarako Zakharyan ez da jokatzeko prest egongo, min hartuta jarraitzen baitu. Horrez gain, Turrientes eta Barrenetxea ere deialditik at geratu dira, arazo fisikoengatik.
Oraingoz, Viktoria Plzenek ez du garaipenik bereganatu Europa Ligan, ezta porrotik ere; jokatutako hiru neurketak berdindu egin ditu, Eintracht Frankfurten (3-3), Ludogoretsen (0-0) eta PAOKen aurka (2-2). Txekiako ligako sailkapeneko bigarren postuan da Viktoria Plzen, Slavia Praga liderrarekiko sei puntura.