F Liga
Bidezko berdinketa, Eibarren eta Realaren arteko derbian (1-1)
EITB MEDIA
Andrea Alvarezek aurretik jarri du Eibar penaltiz 16. minutuan, eta Amaiur Sarriegik banakoa egin du atsedenaldiaren atarian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eibarrek eta Realak bana egin dute Ipuruan jokatutako F Ligako 12. jardunaldiko partidan.
Lehen gol aukera Realak izan du, 3. minutuan, Mirari Uriak egindako jaurtiketa batean, baina baloiak langa jo du. Bi minutu geroago, Nerea Eizagirrek ere gora bota du areaz kanpotik egindako jaurtiketa.
16. minutuan, epaileak penalti adierazi du etxeko taldearen alde; penalti argia, Manuela Vanegasek Ane Campos lurrera bota baitu area barruan. Andrea Alvarezek jaurti du, eta bere taldea aurretik jarri du markagailuan. Eskuineko hankarekin egin du jaurtiketa, ate erdira.
Donostiako taldeak aurrerapausoa eman du orduan, eta horren ahaleginak saria eman dio, Amaiur Sarriegik atsedenaldiaren atarian gola egin baitu. Jokalari txuri-urdinak buruz egindako errematea etxekoen atean sartu da, Eibar taldeko atezainaren irteera kaskarra aprobetxatuz.
Atsedenaldiaren ostean, Eibar bigarren gola sartzear izan da, Andrea Alvarezen bitartez, baina armaginaren erremateak langa jo du.
Realak aukerak izan ditu 55. minutuan eta 56.ean, Lavoguezen eta Eizagirreren bitartez, baina Eunate Astralaga atezaina oso seguru aritu da atepean.
Etengabeko euriak zelaiko baldintzak kaskartu ditu, eta jokalariek oso zail izan dute baloiarekin aurrera egitea.
Franssiren aukera
69. minutuan, Sanni Franssik areaz kanpotik jaurti du, baina errematea gehiegi gurutzatu du eta baloia kanpora joan da, gutxigatik.
Sanchez Veraren taldea nagusi izan da hurrengo minutuetan, baina Eibarrek ondo eutsi die txuri-urdinen saiakerei. Azkenean, puntu bana Eibar eta Realarentzat, derbi bizi eta borrokatua jokatuta.