Itxi

The Best sariak

FIFAk Aitana Bonmatiri eta Viniciusi eman die 2024ko The Best saria, urtean jokalaririk onenak izateagatik

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Alyssa Naeher eta Emiliano Martinez nagusitu dira atezainei emandako sarietan, eta Emma Hayesek eta Carlo Ancelottik eskuratu dute entrenatzaileen golardoa. Irene Paredes hamaikako onenean sartu dute.

Aitana Bonmatik irabazi du 2024ko The Best saria. Argazkia: EFE.

Aitana Bonmati Bartzelonako eta Espainiako selekzioko jokalari kataluniarrak eta Vinicius Real Madrileko eta Brasilgo selekzioko futbolari brasildarrak irabazi dute, asteartean, FIFAk emandako 2024ko The Best saria, urtean mundu mailan futbolari onenak izateagatik. Gainera, FIFAk Dohan (Qatar) iragarri du Alyssa Naeherrek (Chicago Red Stars eta Ameriketako Estatu Batuetako selekzioa) eta Emiliano Martinezek (Aston Villa eta Argentina) jaso dutela atezainik onenentzako saria, eta Emma Hayes britainiarrak, AEBko hautatzailea bera, eta Carlo Ancelotti Real Madrileko entrenatzaile italiarrak lortu dutela entrenatzailerik onenen golardoa. Irene Paredes legazpiarra hamaikakorik onenean sartu dute.

Testuinguru horretan, Bonmatik bigarren urtez jarraian eskuratu du The Best saria, eta Viniciusek, ordea, aurrenekoz. Hayesek bigarrenez jaso du golardoa, Ancelottik ez bezala, italiarrak lehen aldiz lortu baitu. Atezainei dagokienez, Martinezek, orain jasotakoa kontuan izanik, bi The Best sari ditu dagoeneko, eta Naeherren lehenengoa da. Irene Paredes gipuzkoarra hamaikako onenean sartu dute, atzealdean.

Horrez gain, Marta brasildarrak eta Alejandro Garnacho argentinarak irabazi dituzte, hurrenez hurren, Marta eta Puskas sariak; izan ere, beraiek sartu dituzte urteko golik onenak, FIFAren iritziz, emakumezkoen eta gizonezkoen txapelketetan. Thiago Maia brasildarrak erdietsi du Joko Garbiaren saria, Rio Grande do Suleko ezbeharrean egindako lanagatik.

Albisteak (1)