EA Sports Liga
Athleticek derbia irauli du Osasuna garaitzeko (1-2)
I. G. | EITB MEDIA
Torrok aurretik jarri ditu gorritxoak, baina Guruzetaren eta Berenguerren bi golek hiru puntuak eman dizkiete zuri-gorriei urteko azken partidan.
Athleticek garaipena lortu du Osasunaren aurka (1-2) larunbat honetan Sadarren jokatu den euskal derbian, EA Sports Ligako 18. jardunaldian. Torrok aurretik jarri ditu gorritxoak, baina Guruzetaren eta Berenguerren bi golek hiru puntuak eman dizkiete zuri-gorriei urteko azken partidan.
Gorritxoek indartsu ekin diote neurketari, zaleen animoek bultzatuta etxeko urteko azken partidan. Presio handia eginda, Kike Barjaren eskutik iritsi da Osasunaren lehen abagunea, lehen aldiz hasierako hamaikakoan lesionatu zenetik, baina defentsa zuri-gorria adi egon da jokaldia eteteko. Athleticen erantzuna etorri da jarraian, bi abagune on izanda: Nicok orpoz izan du lehena eta Sergio Herrerak blokatu du Sanceten jaurtiketa ondoren.
Lehen jaurtiketen ostean, Osasunak intentsitatea jaitsi du, eta horrek mesede egin dio Athletici. Williams anaiek hartu dute erasoaren agintea, eta, banakako jokaldi batean, Iñakiren jaurtiketak Herrandori eskuan jo dio area barruan. Epaileak penalti adieraziko zuela zirudien, baina aurretik Osasunaren alde izandako falta bat adierazi du.
Athletic nagusi izaten ari zen arren, Osasunak ireki du markagailua. Geldikako baloi batean, Torrok defentsaren aldaratzea harrapatu du, eta jaurtiketa gurutzatu bat eginez bere taldea aurretik jarri du markagailuan (1-0).
Bost minuturen buruan, Guruzetak buruz bigarren zutoinera bidali du Williamsen erdiraketa, eta berdinketa jarri du markagailuan (1-1).
Lehen zatiko azken minutuetan, Oroz bigarren gola sartzeko zorian izan da, baina Unai Simon agertu da, geldiketa bikaina eginez gola saihesteko.
Bigarren zatia hasi eta berehala, Sancetek zelaia utzi behar izan du, atera jaurti ostean orkatilan min hartu baitu. Berenguerrek ordezkatu du. Zorte txar bera izan du Juan Cruzek, eta Bretonesek ordezkatu du.
Zuri-gorriek aurretik jartzeko aukera paregabea izan dute Williamsen bakarkako jokaldi bikain baten ostean, Guruzetaren jaurtiketarekin amaitu dena, baina Sergio Herrerak baloia kornerrera bidali du.
Jokoaren erritmoak behera egin du nabarmen, etxekoen defentsako despiste bat Athleticek aurretik jartzeko aprobetxatu duen arte. Unai Simonek jaurtiketa luzea egin du, gorritxoen defentsak huts egin du aldaratzean, eta Berenguer adi egon da baloia hartu eta, jaurtiketa gurutzatua eginez, gola egiteko (1-2).
Azken minutuak eroak izan dira, Osasuna partida salbatu nahian eta Athletic garaipena ziurtatu nahian. Azken txistuarekin, baina, Athleticek derbia eta hiru puntuak irabazi ditu.
Fitxa teknikoa:
1 – Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Boyomo, Herrando, Juan Cruz (Bretones, 57. min); Moncayola (Pablo Ibañez, 46. min), Torro, Aimar (Arnaiz, 85. min); Ruben Garcia (Raul, 79. min), Budimir, Kike Barja (Moi Gomez, 57. min).
2 – Athletic Club: Unai Simon; Gorosabel (Vesga, 89. min), Vivían, Paredes, Yuri; Ruiz de Galarreta (Prados, 68. min), Jaureguizar; Iñaki Williams, Sancet (Berenguer, 48. min), Nico Williams (Yeray, 89. min); Guruzeta (De Marcos, 89. min).
Golak: Lucas Torró, 25. min: 1-0. Guruzeta, 31. min: 1-1. Berenguer, 75. min: 1-2.
Epailea: Quintero González (Andaluziako Batzordekoa). Txartel horia atera dio Guruzetari.