Itxi

Erabakia

Didier Deschampsek Frantziako selekzioa utziko du 2026an

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Baionako jokalari ohi eta entrenatzailea 2012az gero ari da Frantziako selekzioan lanean eta, TF1 telebista-katean egindako elkarrizketan azaldu duenez, amaitutzat eman du hautatzaile gisa egindako aroa.

Didier Deschampsen artxiboko irudia. EFE

Didier Deschampsek Frantziako selekzioa utziko duela iragarri du, 2026ko Mundu Txapelketaren ostean kontratua amaitzen zaionean. Taldea maila gorenean mantentzeko gogotsu lan egin duela azaldu du Baionako entrenatzaileak.

TF1 telebista-katearekin grabatutako elkarrizketa batean gogorarazi duenez, 2012az geroztik ari da selekzioan lanean, eta 2026ko Mundu Txapelketara arte dauka konpromisoa: "orduan amaituko da, noizbait bukatu behar duelako".

Deschampsen esanetan, Frantziako selekzioa maila gorenean mantentzeko lan egin du etapa honetan, "gogotsu eta pasioz".

Hala eta guztiz ere, baionarrak hainbat erronka ditu kargua utzi baino lehen: martxoan, adibidez, Nazioen Ligako final laurdenak jokatuko ditu Kroaziaren aurka.

Irabaziz gero, Frantziak finala jokatuko du ekainean eta, ondoren, 2026an, AEBk, Kanadak eta Mexikok antolatuko duten Mundu Txapelketarako sailkatze fasearen txanda izango da.