Itxi

0-3, Mendizorrotzan

Alavesek aurpegia eman du, baina ia aukerarik gabe gelditu da

Erredakzioa

Gasteizko taldeak 0-3 galdu du Bartzelonaren aurka Errege Kopako final-hamaseirenetako joaneko neurketa. Alavesek azkenengo minutura arte aurpegia eman du, eta zaleek taldea etengabe animatu dute.

Alaves-Bartzelona. Argazkia: EFE

Arabako taldeak partida ona jokatu du Bartzelonaren aurka, baina blaugranek hiru gol garrantzitsu lortu dituzte Mendizorrotzan (0-3). Natxo Gonzalezen mutilek une oro aurpegia eman dute BBVA Ligako liderraren aurka, baina Villaren, Iniestaren eta Cesc Fabregasen kalitateak neurketa eta Errege Kopako final-hamaseirenetako kanporaketa erabakita utzi dute.

Alavesek norgehiagoka sentzazio oso onekin eta erdigunean baloia ondo mugitzen hasi du, baina Tito Vilanovaren gozenak apurka partidaren kontrola hartu dute. Andres Iniestak bikain gidatu du Bartzelona erasoan, eta Alexisek aurreneko abagune argia izan du 13. minutuan. Hala ere txiletarraren errematea Urtzik, arazorik gabe, gelditu du.

Natxo Gonzalezen mutilek kontraerasoa bilatu dute, baina Bartzelonako defentsak adi egon dira, eta abaguneak oso urriak izan dira. Hala ere zuri-urdinak defentsan sendo mantendu dira, eta blaugranen aukerak ez dira argia izan. Atsedenaldia heldu aurretik, 39. minutuan, Villak 0-1ekoa jarri du Mendizorrotzako markagailuan ezkerkada gogor batekin.

Gasteizko taldeak bigarren zatiko aurreneko minutuan berdinketaren gola lortzeko abagune ederra izan du, baina Guzmanen jaurtiketa zuzenean kanpora joan da. Bartzelonaren erantzuna oso azkarra izan da, jarraian Andres Iniestak 0-2koa jarri baitu markagailuan kalitate handiko jaurtiketa batekin (50. minutua). Hala ere Alavesek gogor sakatzen jarraitu du, eta Natxo Gonzalezen mutilak Pintoren ate ingurura arriskuarekin hurbildu dira

Pixkanaka talde zuri-urdinak erasoan indarra galdu du, eta Kataluniako taldea jaun eta jabe izan da neurketako azkeneko minutuetan. Alexis Sanchezek bi abagune argi izan ditu jarraian, 78. minutuan, baina Urtzik bi gelditu ikusgarri egin ditu. Tellok ere, 42. minutuan, Bartzelonaren gola lortzeko aukera argia izan du, eta Alaveseko atezainak beste gelditu erabakigarria egin behar izan du. Hala ere, Cesc Fabregasek 0-3koa jarri du Mendizorrotzako markagailuan (42. minutua), eta garaipena Tito Vilanovaren taldeak lortu du.

- Fitxa teknikoa:

0 - Alaves: Urtzi; Oscar Rubio, Agustin, Javi Hernandez, Manu Garcia; Jaume, Beobide; Guzmán, Jonan (Sendoa, 71. minutua), Barahona (Luismi, 71. minutua); eta Viguera (Sergio Llamas, 81. minutua).

3 - Bartzelona: Pinto; Alves, Bartra, Mascherano, Montoya; Sergi Roberto, Cesc, Busquets (Song, 54. minutua); Iniesta (Dos Santos, 75. minutua), Villa (Tello, 69. minutua) eta Alexis.

Golak: 0-1, 39. minutua: Villa. 0-2, 50. minutua: Iniesta. 0-3, 87. minutua: Cesc.

Albisteak (2)