Itxi

Urrezko Baloia

Cristiano Ronaldo, Iniesta eta Messi, haugataiak

Erredakzioa

Irabazlearen izena FIFAren zeremonia batean jakitera emango dute urtarrilaren 7an, Zurichen. Del Bosque, Guardiola eta Mourinho urteko entrenatzailerik onenaren saria jasotzeko hautagaiak dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Lionel Messi (Bartzelona) argentinarra, Cristiano Ronaldo (Real Madril) portugaldarra eta Andres Iniesta (Bartzelona) espainiarra 2012ko Urrezko Baloia jasotzeko hautagaiak dira, FIFAk gaur Sao Paulon iragarri duenez.

Messi, azken hiru edizioetako irabazlea, faborito nagusia da berriro, Cristiano Ronaldorekin lehian.

Irabazlearen izena FIFAren zeremonia batean jakitera emango dute urtarrilaren 7an, Zurichen (Suitza).

Johan Cruyffek, Marco Van Bastenek, Michel Platinik eta Messik Urrezko Baloia hiru aldiz irabazi dute. Ondorioz, argentinarrak historia egin dezake eta lau baloi lortzen dituen aurreneko jokalaria izan daiteke, gainera oraindik 25 urte dituela kontuan izan behar da.

Jokalari blaugranak aurten 'bakarrik' Errege Kopa irabazi du, baina faborito nagusia da. Messik 82 gol sartu ditu aurten eta Gerd Mulleren errekor historikoa hiru golera du soilik. Duela 40 urte aurrelari alemaniarrak ezarritako marka gainditzeko sei neurketa ofizial ditu Messik.

Andres Iniesta taldekidea 2011/12 denboraldiko UEFA jokalaririk onena izendatu zuten Ronaldo eta Messi atzean utziz. Mantxako jokalaria bigarren sailkatu zen 2010eko Urrezko Baloian eta iragan Eurokopako jokalaririk onena izendatu zuten.

Cristiano Ronaldok bere bigarren Urrezko Baloia du helburu eta horretarako Real Madrilen liga historikoa du lagun; izan ere, zuriek puntuen eta golen errekorra lortu zuten iaz.

Entrenatzaile onena eta golik ikusgarriena

Bestalde, Vicente del Bosque Espainiako hautatzailea, Pep Guardiola Bartzelonako entrenatzaile ohia eta Jose Mourinho Real Madrileko prestatzailea urteko entrenatzailerik onenaren saria jasotzeko hautagaiak dira.

Gainera, Puskas Saria jasotzeko hiru finalistak iragarri ditu FIFAk. Denboraldiko gol onenaren saria Radamel Falcaok (Atletico Madril), Neymarrek (Santos) eta Miroslav Stochek (Fenerbahce) jaso dezakete. Falcaok txilena ikusgarria egin zuen Calin lagunarteko norgehiagoka batean, baina Neymarren jokaldi paregabea eta eslovakiarraren bolea bikaina izango ditu aurkari.



Albisteak (3)

Bideoak (1)