Larunbatean, 20:00etan
Reala Granadaren aurkako partida prestatzen hasi da
Erredakzioa
Zubietan egindako entrenamenduan Cadamuroren itzulera izan da berririk onena. Chory Castrok, ordea, ez du lan saioa bukatu kontusioa izan baitu ezker orkatillan.
Asteko lehen entrenamenduko albisterik onena Cadamuro entrenamenduetara itzuli dela da. Markel Bergarak, aldiz, bere errekuperazio prozesu pertsonalizatuarekin jarraitzen du, eta Chory Castrok zelaia utzi behar izan du "kontusioa baitauka ezker orkatilan".
Granada izango du Realak aurkari larunbatean. Talde andaluziarra jaitsiera postuan dago hamabi punturekin, eta giroa ez da ona. Anquela entrenatzailea kolokan dago, nahiz eta Quique Pina presidenteak babesa eskaini dion. Badirudi Realaren aurka Anquela izango dela taldea zuzenduko duena, baina partida amaierako emaitzaren arabera ikusiko da Anquelak Granadan jarraituko duen edo ez.
Talde andaluziarra egoera kaskarrean dagoen arren Realeko jokalariak ez dira aurkariaren ustezko ahultasunaz fidatzen, eta badakite garaipena lortzeko gogotik lan egin beharko dutela Los Carmenesen.