Itxi

Kluba utzi du

Jon Ander Olasagastik Reala utzi eta Levanten jokatuko du

EITB

Leer en Castellano

Groseko erdilariak ia 25 urte ditu, eta 2028ra arteko kontratua sinatu du Levanterekin. Olasagasti 2021-22 denboraldian egin zuen debuta Realeko lehen taldearekin, eta, guztira, maila goreneko 58 partida ofizial jokatu ditu txuri-urdinez jantzita.

Jon Ander Olasagastik 58 partida ofizial jokatu ditu Realeko lehen taldean. Argazkia: EFE.

Realak eta Levantek adostu dute Jon Ander Olasagasti erdilariak talde txuri-urdina utziko duela eta Valentziako taldean jokatuko duela, bi klubek asteazken arratsaldean iragarri dutenez. Groseko futbolariak ia 25 urte ditu (abuztuaren 16an beteko ditu), eta 2028ra arteko kontratua sinatu du Levanterekin. Olasagasti 2021-22 denboraldian egin zuen debuta Realeko lehen taldearekin, eta, guztira, maila goreneko 58 partida ofizial jokatu ditu txuri-urdinez jantzita, Liga, Kopa, Txapeldunen Liga eta Europa Liga kontuan izanik.

Jokalari donostiarra 2021-22 denboraldiko Errege Kopan zelairatu zen aurrenekoz Realeko lehen taldearekin, Kanaria Handian, Panaderia Pulido-Reala kanporaketan. Zubietako harrobian hazita, hemendik aurrera Levanten emango dio jarraipena kirol ibilbideari; Olasagastiren talde berriak, 2024-25 denboraldian, EA Sports Ligarako igoera eskuratu zuen.

Albisteak (3)