Itxi

EA Sports Liga

Realak galdu egin du Oviedo igo berriaren aurka (1-0)

AGENTZIAK | EITB

Txuri-urdinek bigarren zati eskasa jokatu dute, eta ez dira gai izan Dendockerrek atsedenaldiaren atarian egindako gola iraultzeko.

Barrenetxea, Nacho Vidalekin lehian. Argazkia: Efe

Realak galdu egin du Oviedo igo berriaen aurka EA Sports Ligako 3. jardunaldian jokatutako partida. Txuri-urdinak garaipenik lortu gabe iritsi dira Ligaren etenaldira.

Etxeko taldeak agindu nahian ekin dio partidari, baina baloia sarri galdu du, eta horrek aukerak eman dizkie bisitariei. Horrela, ahalegin handirik egin gabe, Realak arriskua eraman du Aaron Escandellen area ingurura, baina atezainari lan askorik eman gabe.

Txuri-urdinak ondoen aritu direnean, baina, Aihenek baloia galdu du, eta Hassanek abiadura bizian atzean utzi du Gorrotxa, eta erdiraketa Dendonckerri iritsi zaio, 1-0ekoa egiteko. Oviedoko jokalariak jaurtiketa bikaina egin du ezkerrez.

Bigarren zatian, Reala ez da batere ondo aritu, eta Oviedok bere momenturik onenak izan ditu. Erraz iritsi da txuri-urdinen areara, eta partida ondo kontrolatu du.

Hala ere, Realak aukeraren bat izan du, argiena Oyarzabalen hanketan, baina Escandell atezainak erantzun bikaina eman dio bigarren zutoinean.

Minutuek aurrera egin dute, eta Realak ez du lortu Oviedo estutzea. Guedes eta Barrene ez dira jokoan asko sartu, eta hori asko nabaritu dute txuri-urdinek.

Turrientesek Aaron Escandellen eskuetara egindako jaurtiketa izan da Sergio Franciscoren taldeak bigarren zatian erasoan egin duen gauza bakarrenetarikoa. Horrela, etxeko taldea nagusitu da. Reala garaipenik lortu gabe iritsi da denboraldiaren lehen etenaldira.

Fitxa teknikoa

1 – Oviedo: Escandell; Nacho Vidal, Costas, Dani Calvo, Rahim; Dendoncker, Reina (Sibo, 73. min); Ilic (Brekalo, 73. min), Ovie Ejaria (Santi Cazorla, 61. min), Ilyas (Hassan, 30. min); Fede Viñas (Rondon, 61. min).

0 – Reala: Aex Remiro; Aramburu, Zubeldia, Caleta-Car, Aihen (Sergio Gómez, 71. min); Gorrotxa (Turrientes, 78. min), Pablo Marin (Karrikaburu, 56. min); Take Kubo (Guedes, 66. min), Oyarzabal (Sucic, 78. min), Barrenetxea; Oskarsson (Brais Mendez, 56. min).

Gola: 1-0, 40. min: Dendoncker.

Epailea: Cordero Vega (Kantabriako batzordekoa). Txartel horia atera die Brekalo (84. min) eta Hassan (90+3. min) Oviedoko jokalariei eta Caleta-Car (46. min) Realeko jokalariari.