EA SPORTS LIGA
Realak porrot argia jaso du Betisen aurka (3-1)
I. G. | EITB
Txuri-urdinak ez dira eroso egon partidako une bakar batean ere, baina bigarren zatian Betis izan da nagusi nabarmen. Horrela, Realak garaipenik gabeko bosgarren jardunaldia batu du.
Cuchok sartu du lehen gola. Argazkia: EFE
Realak 3-1 galdu du Betisen aurka ostiral honetan Cartujako zelaian jokatu den EA Sports Ligako 5. jardunaldiko partidan.
Etxeko taldea nagusi izan da jokoan, eta arriskua sortu du lehen minutuetatik. Remirok lehen jaurtiketa gelditu du, baina ezin izan du ezer egin Cuchok area barruan jaso eta jaurtiketa indartsu batekin baloia sarera bota duenean (1-0).
Realak Firpok defentsan egindako akats larri bat aprobetxatuz erantzun du. Hark baloia oparitu dio Barrenetxeari area barruan, honek Braisi eman dio, eta, atezaina gaizki kokatuta harrapatuta, nahi bezala sartu du gola (1-1).
Ondoren, norgehiagoka parekatuagoa izan da, nahiz eta Betisek pauso bat aurretik jarraitu duen. Izan ere, Sergio Gomezek gorputza sartu behar izan du Anthonyk etxekoen bigarrena sar ez zedin. Atsedenaldia heldu baino lehen, Kubok, Aramburuk eta Oyarzabalek euren taldea aurretik jartzeko aukera izan dute, baina bat ere ez da fin ibili.
Atsedenaldiaren ostean, Betis azkar jarri da berriz aurretik. Hegaletik egindako erdiraketa Abdek errematatu du, Remirok ez du asmatu irteeran, eta baloia atean sartu da (2-1).
Betisek intentsitatea handitu du eta bere arean sartu du euskal taldea. Realari sufritzea eta etengabeko erasoetatik defendatzea egokitu zaio, eta horietako batean 3-1ekoa iritsi da, Fornalsek amaitu duen jokaldi batean.