Itxi

Hypermotion Liga

Kordobak garaipenik gabe utzi du Sanse (1-1)

G. P. A. | EITB

Leer en Castellano

Talde txuri-urdina aurretik ipini da markagailuan, Sergi Guardiolak bere atean sartutako golari esker, baina bigarren zatian penalti bat huts egin du, eta Kordobak berdinketa lortu du partidaren azken txanpan.

Sansek bana egin du Kordobaren aurka Anoetan. Argazkia: RS Zubieta

Sanse eta Kordobaren arteko partida 1-1 amaitu da Anoetan. Horrenbestez, talde txuri-urdinak 6 jardunaldi jarraian daramatza garaipenik gabe.  

Jon Ansotegiren mutilak nagusi izan dira lehen zatian, eta gola egiteko aukera garbiak izan dituzte. 1-0ekoa, baina, Sergi Guardiolak sartu du bere atean.

Atsedenalditik bueltan, abantaila handitzeko aukera bikaina izan du Sansek. Epaileak penaltia adierazi du, baina Iker Alvarezek gelditu egin du Peru Rodriguezen jaurtiketa. 

Jokaldi horren ostean, Kordoba hazi egin da, eta Dalissonek berdinketaren gola egin du 76. minutuan.

Sansek sufritu egin du partidaren azken txanpan berdinketari eutsi eta gutxienez puntu bat poltsikoratzeko.

Hypermotion Ligako ibilbidea ilusioa piztu zuen garaipenarekin hasi bazuen ere, talde txuri-urdinak ez du partida gehiagorik irabazi lehen jardunaldiaz geroztik.