EA Sports Liga
Partida txarra eta emaitza okerragoa Realarentzat Anoetan, Rayoren aurkako partidan (0-1)
L. E. A. | EITB
Donostiarrek neurketa oso txarra egin dute eta bosgarren porrota jaso dute jokatutako zortzi jardunaldietan. Gipuzkoarrak sailkapeneko beheko postuetan dira.
Caleta-Car, partidako jokaldi batean. Argazkia. Efe.
Realak burua altxa ezinda jarraitzen du. Txuri-urdinek 0 eta 1 galdu dute etxean, Iñigo Perezek entrenatzen duen Rayo Vallecanoren aurka. Bi taldeak egoera berean ziren partida hasi aurretik, 5 punturekin, eta behar-beharrezkoa zuten garaipena lortzea. Azkenean, puntuak madrildarrentzat izan dira.
Lehen zati aspergarria jokatu dute bi taldeek, paseetan huts asko eginda eta erasoan gauza aipagarririk egin gabe.
4. minutuan, Mikel Oyarzabali sarrera gogorra egin dio Lejeunek Batallaren aurrean bakarrik geratzeko aukera handiak zituenean. Epaileak e du jokaldia VARean aztertu, baina txartel gorria ateratzeko modukoa izan da. Ondorioz, frantziarrak zelaian jarraitu du.
Remirok eskuarekin aldaratutako jaurtiketa eta Guedes urrutitik egindakoa izan da Realak lehen zatian egin duen aipagarriena. Aukera argiena, eta bakarra, Rayok izan du Jon Gorrotxategik egindako huts ikaragarriaren ondorioz, baina, zorionez, De Frutosek ez du errematean asmatu.
Atsedenaldiaren ostean, Realak erritmoa igo du eta arriskua sortu du madrildarren arean inguruan. Oyarzabalek aukera izan du jaurtiketa batean, baina Batallak ondo erantzun dio.
Espinoren gola
Rayok abagune argiagoak izan ditu De Frutosen eta Pedro Diazen bitartez, eta ahaleginak saria izan du azkenean, Pacha Espinok 84. minutuan egindako golarekin.
Azkenean, porrota Realarentzat, partida tristea jokatuta.