Errege Kopa
Realak Negreira apala garaitu eta Kopan aurrera egin du (0-3)
EITB Media
Gotik aurretik jarri du Donostiako taldea lehen zatian, eta Zakharyanek eta Turrientesek kanporaketa erabaki dute bigarren zatian sartutako golekin.
Realeko jokalariak Gotik sartutako lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak 0-3 irabazi dio Negreira taldeari bere estreinako Kopako partida, eta aurrera egin du txapelketako hurrengo kanporaketara. Gotik aurretik jarri du Donostiako taldea lehen zatian, eta Zakharyanek eta Turrientesek kanporaketa erabakita utzi dute bigarren zatian sartutako golekin.
Horrela, talde txuri-urdinak, hamaikakoan aldaketa ugari eginda, aise irabazi dio Negreirari. Galiziako taldeak ez du sekula etsi, baina Sergio Franciscoren taldearen kalitateari ezin izan dio aurre egin. Realak Athleticen aurkako derbia dute jomugan.
Goti, norgehiagokaren hasieran, Umar Sadiqen jokaldi bikain baten ondoren, eta Zakharyan eta Turrientes, biak bigarren zatian, izan dira txuri-urdinen golegileak, eta lehen zatiaren erdian baino ez dute sufritu, aurkariak berdinketa lortzeko abagune argienak izan dituzte eta. Juan de Seliak egindako falta-jaurtiketa bat Galziako taldearen aukera argienetakoa izan da.
Negreiraren ahaleginak emozioa mantendu du atsedenaldira arte. Baina bigarren zatia hasi bezain laster, Arsen Zakharyan errusiarrak etxeko taldearen ametsa zapuztu du. Kanporaketa erabakita zegoela, bi entrenatzaileek aulkiak mugitu dituzte, eta Turrientesek markagailua itxi du 81. minutuan.
- Fitxa teknikoa:
0 SD Negreira: Jose Dacuña (Berdullas, 85. min); Juan Diego, Senin (Angelo, 73. min), Brais Lopez, Sánchez; Freire, Joel Lagares, Martin Pereira (Garcia, 73. min); Gonzalo Suarez, Pereira (Rulo, 71. min) eta Juan de Selia (Mayan, 85. min).
3 Reala: Marrero; Odriozola (Aramburu, 78. min), Elustondo, Caleta-Car, Aihen; Sucic, Turrientes, Zakharyan; Goti, Marin (Gorrotxa, 71. min) eta Umar Sadiq (Oyarzabal, 78. min).
Golak: 0-1 Goti, 12. min; 0-2 Zakharyan, 54. min; 0-3 Turrientes, 81. Min.
Epailea: Isidro Diaz de Mera. Txartel horia atera dio Caleta-Carri (45. min).
Negreirako Jesus Garcia Calvo futbol-zelaia beteta egon da, Errege Kopako lehen kanporaketako neurketan.
¿ Plazera izan da hemen izatea, @SDNegreira. Zorte on denboraldi honetan! pic.twitter.com/iFSUqYdCZY
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) October 28, 2025