Itxi

EA Sports Liga

Azken unean berdinketa lortu du Realak Elxeren aurka (1-1)

EITB

Leer en Castellano

Mikel Oyarzabalek 89. minutuan penaltiz sartutako golari esker, talde txuri-urdinak urrezko puntua lortu du Elxen.

Elche vs Reala (1-1) Argazkia: EFE

Talde txuri-urdineko kapitainak, Mikel Oyarzabalek, 89. minutuan penaltiz sartutako golari esker, Realak puntu bat bereganatu du, azken unean, Elxi egindako bisitan.

Lehen zatian, bi taldeek abagune argiak izan ondoren, Elxeko taldeak markagailuan aurrea hartzea lortu du bigarrenaren hasieran, Alvaro Rodriguezek egindako golari esker, baina Realak ez du amore eman, eta berdinketa eskuratu du Sadiqek jokaldi bikaina egin ondoren.

Partidaren hasieran, Eder Sarabiaren mutilen jokoan Rafa Mir aurrelariaren punteria falta nabarmendu da, etxekoen protagonismoa Matias Dituro atezainak bereganatu arte, Take Kuboren jaurtiketa bikaina sare barrura sartzea eragotzita. Realak, apurka-apurka, Elxen nagusitasunari erantzun dio, eta norgehiagokak erritmoa irabazi du.

Gol aukerak bi areetan izan dira. Elx taldeko Rodrigo Mendozak eta Rafa Mirrek abagune politak izan dituzte baloia Remiroren ate barrura bidaltzeko, eta Realeko Jon Gorrotxategik, berriz, zutoina ukitu du jaurtiketa batean.

Atsedenaldiaren ostean, Reala hobeto itzuli da, baina Elxek eman du lehen kolpea, Alvaro Rodriguezek 57. minutuan gola sartuta (1-0).

Talde txuri-urdina bizirik iritsi da azken minutuetara, eta Umar Sadiqek David Affengruberren penaltia behartu du. Oyarzabalek 1-1ekoa jarri du markagailuan, eta, horrela amaitu da partida. Ondorioz, Realak 13 puntu ditu jada, lau jardunaldi jarraian baitaramatza galdu gabe.