Itxi

Hypermotion Liga

Sansek luzapenean lortu du garaipena, penaltiz (2-1)

Agentziak | EITB

Leer en Castellano

Dani Diazek sartu du garaipenaren gola, 97. minutuan, penaltiz, eta Sanse jaitsiera postuetatik atera da horrela. Leganes jokalari bat gutxiagorekin aritu da azken txanpan, Melerok bi minutuan bi txartel hori ikusi eta gero.

Ochiengek sartu du Sanseren lehen gola. Argazkia: RS Zubieta

Sansek 2-1 irabazi dio Leganesi, Dani Diazek luzapenean penaltiz lortutako golari esker. Horrela, Jon Ansotegiren taldeak porrotik jaso gabe jarraitzen du Anoetan, eta garaipen honekin jaitsierako postuetatik atera da.

Txuri-urdinak ondo hasi dira, baina minutuak igaro ahala, Leganesek baloiaren jabetza eskuratu du. Edonola ere, Sanse aurreratu da markagailuan, Ochiengek 18. minutuan gola eginda.

Atsedenaldia heldu baino lehen, Leganes berdinketaren bila joan da, eta 40. minutuan lortu du bere helburua. Naim Garciak egindako erdiraketa bikaina ondo baliatu du Diawarak baloia, area barrutik eta oztoporik gabe, sarera bidaltzeko.

Bigarren zatian, Leganes hobeto zelairatu da, eta arrisku gehiago sortu du pixkanaka-pixkanaka Aitor Fragaren ate inguruan.

85. minutuan, baina, Leganes jokalari bat gutxiagorekin geratu da. Epaileak Gonzalo Melero kanporatu du, bi minutuan bi txartel hori aterata.

Hala ere, Leganesek ez du atzera egin, gola sartzeko ahaleginean jarraitu du, eta zenbait aukera izan ditu, baina ez du asmatu. Partida banakoarekin amaituko zela ematen zuenean, ordea, Sansek berenganatu du garaipena.

Epaileak Sanseren aldeko penaltia adierazi du 97. minutuan, eta Dani Diazek ez du hutsik egin.

Bigarren garaipena jarraian lortu du Sansek, eta etxean talde oso sendoa dela baieztatu du, Anoetan lortu baititu gaur arte ligan pilatutako 15 puntuak. Ondorioz, jaitsiera postuetatik atera da.