LaLiga Hypermotion
Jon Baldak garaipena eman dio Sanseri
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Garaipen horri esker, Donostiako taldeak etxean galdu gabe jarraitzen du, Hypermotion Ligako hamabosgarren jardunaldian.
Sanse-Valladolid partidako irudia. Argazkia: @RSZubieta
Sansek hiru puntu eskuratu ditu bart, Valladolid 1-0 menderatuta, Jon Baldak 21. minutuan sartutako golari esker, Hypermotion Ligako 15. jardunaldian.
Etxekoena izan da neurketako lehen jaurtiketa, 9. minutuan, Mariezkurrenaren ezkerkada bat, hain zuzen ere, urrunetik. 21. minutuan iritsi da partidako lehen gola, bakarra. Dani Diazek ateratako falta bat Valladolideko atzelariek aldaratu ostean, Jon Baldak ezkerrez sartu du bat eta hutsekoa, Guilherme Fernandes beheko aldetik gaindituta.
Valladolidek ondo erantzun dio aurkako markagailuari: Ponceauk lehenik, eta Amathek ondoren, norgehiagoka berdintzeko aukera izan dute, baina Fraga atezainak ekidin ditu bi aukerak.
Bigarren zatian, Sansek aukerak sortzen jarraitu du, eta Valladolideko atezainak Gorka Carrerak area barruan egindako erremate on bat desbideratu behar izan du. 61. minutuan, Carrerak bigarrena egiteko zorian egon da, baina eskuin zutoinean jo du baloiak.