Igandean, 21:00etan
Realak bolada onari eutsi nahi dio Mallorcaren aurrean
Erredakzioa
Philippe Montanier entrenatzaileak baja garrantzitsuak ditu; izan ere, Alberto de la Bellak eta Markel Bergarak ez dute txartelengatik jokatzerik izango.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Realak azken hamaika jardunaldietako bolada onari eutsi nahi dio Mallorcaren aurrean. Txuri-urdinek defentsa osatzeko arazoak izango dituzte berriro, eta Mallorcak puntu premia ikaragarria du. Joaquin Caparrosentzat beste azterketa bat izango da Anoetako neurketa.
Azken hiru hilabeteetan Real Madrilen aurka bakarrik galdu dute donostiarrek, eta etxeko azken partidan Bartzelona hartu zuten mendean. Ordura arte kataluniarrek ez zuten norgehiagokarik galdu.
Mallorca hartzeko baja garrantzitsuak ditu Philippe Montanier Realeko entrenatzaileak. Alberto de la Bellak eta Markel Bergarak ez dute jokatzerik izango, txartelen pilaketa dela-eta zigortuta baitaude.
Defentsan, De la Bellaren hutsunea Jose Angelek beteko du. Erromak utzitako hegalekoak ez du oraindik hamaikakoan tokirik aurkitu.
Mikel Gonzalezek giharretako arazoak ditu eta Gorka Elustondok Iñigo Martinez lagunduko duela ematen du. David Zurutuzak orkatila bihurritu zuen entrenamenduan, eta baja izango da.
Mallorcak sailkapeneko zulotik atera nahi du. Azken emaitzen ostean Caparros entrenatzailea kinka larrian dago eta Anoetako partidak etorkizuna erabaki dezake.
Mallorca 17 punturekin azkenaurrekoa da eta ezin du gehiago barkatu. Horregatik, taldeak hiru jokalari fitxatu ditu neguko merkatuan.
Ustezko hamaikakoak:
Reala: Bravo; Carlos Martinez, Iñigo Martinez, Elustondo, Jose Angel; Illarramendi, Pardo, Prieto; Griezmann, Agirretxe, Vela.
Mallorca: Calatayud; Hutton, Nunes, Geromel, Lopez; Nsue, Tissone, Marquez, Luna; Dos Santos, Victor.
Epailea: Jose Antonio Teixeira Vitienes. (Kantabriako batzordea)
Futbol-zelaia: Anoeta
Ordua: 21:00