Itxi

Dopin substantziak

Dopinaren aurkako Agentzia Badiolaren salaketa aztertzen ari da

Erredakzioa

AEAko zuzendariak Badiola deklaratzera deituko ote duten ez du argitu, baina "informazioa duen ororentzako Agentziako ateak irekita" daudela adierazi du.

Ana Muñoz Dopinaren aurkako Espainiako Agentziako (AEA) zuzendaria. Argazkia: EFE

Ana Muñoz Dopinaren aurkako Espainiako Agentziako (AEA) zuzendariak gaur baieztatu duenez, erakundea Iñaki Badiola Realeko presidente ohiaren salaketaren inguruan "informazioa biltzen" ari da. Realak Eufemiano Fuentes medikuari dopin produktuak erosi zizkiola salatu zuen Badiolak. Talde donostiarrak produktuak "Bn" ordaindu zituela gaineratu zuen.

Puerto Operazioaren auziko epaiketaren seigarren saiora sartu baino lehen adierazpenak egin ditu Muñozek. AEAko zuzendariak azaldu duenez, gertakarien inguruko ikerketarik ez dute oraindik zabaldu, lehenengo informazioa bildu behar delako. Gainera, ekiteko eskumenak dituen aztertu behar du erakundeak.

Bestalde, AEAko zuzendariak Badiola deklaratzera deituko ote duten ez du argitu, baina "informazioa duen ororentzako Agentziako ateak irekita" daudela adierazi du.

Iragan ostiralean, RSOC siglen esanahia galdetu zioten Fuentesi kazetariek, eta medikuak ironia erabili zuen erantzuteko: "Ardo on baten marka izan daiteke". Egun batzuk geroago, Badiolaren adierazpenak argitaratu zirenen medikuari berriz galdetu zioten kazetariek. "Adierazpenik ez dago", erantzun zuen Fuentesek.

Albisteak (5)