Itxi

Europari begira

Realak arazorik gabe irabazi du, eta Europatik gertuago dago

Erredakzioa

Realak partidaren hasieran utzi du erabakita Zaragozaren kontrako markagailua (1-2), eta Europako postuetan sartu da. Griezmannek, Agirretxek eta Apoñok, penaltiz azken minutuan, sartu dituzte golak.

Reala Europako postuetan sartu da, Zaragozari nagusitasunez irabazita. Laster jarri dira txuriurdinak markagailuaren aurretik, Romaredan. Etxeko taldea, gainera, jokalari bat gutxiagorekin aritu da 21. minututik aurrera.

Partida kontrolatzeko asmoarekin zelairatu da Zaragoza. Izan ere, lehenengo aukerak Jimenezen mutilenak izan dira. Arrisku handirik gabe, Reala bere zelaian mantendu dute lehenengo hamar minutuetan. Momentu horretan, ordea, lortu du Realak lehenengo gola. Txuriurdinen kontraerasoa aprobetxatu du Griezmannek eta Reala aurretik jarri du markagailuan.

Hectorrek, norgehiagokaren protagonista izango zela jakin gabe, lehenengo txartel horia ikusi du, Realaren golaren ostean, Carlos Velari egindako sarrera batengatik. Hamar minutu geroago, bigarrena erakutsi dio epaileak, Mexikoko jokalariari egindako beste sarrera gogorraren ostean. 21 minututan, Zaragoza hamar futbolarirekin geratu da, eta Reala, zazpigarren aldiz jarraian, jokalari bat gehiagorekin aritu da ia partidu osoan zehar.

Donostiarren golaren ostean, partidaren domeinua berreskuratzen saiatu da Zaragoza, baina bigarren tantoa sartu du Agirretxek eta ia erabakita utzi du. Bitartean, Aragoiko taldearen bi jokalarik txartel horia ikusi dute: Alvarok, kexatzeagatik, eta Sapuranuk, Xabi Prietori egindako sarrera itsusi batengatik.

Lehenengo zatiko azken jokaldian, Griezmannek atean sartu du baloia, baina jokoz kanpo zegoen, eta gola ezeztatu du epaileak. Atzean erakutsitako ordena eta azkar gidatutako kontraerasoak nahikoak izan dira Reala atsedenaldira lasai heltzeko.

Bigarren zatian, Zaragozak ezin izan du jokoa kontrolatu. Reala izan da protagonista bakarra, aukera garbiekin: Carlos Martinez, Velaren takoikada baten ostean; Agirretxe buruz (58. minutuan), eta Vela, berriz, usurbildarraren pase dotorearen ostean, 69.ean. Baina Realak ez du hirugarren gola sartu. Apoño, ezinean, ostikada bat eman dio Agirretxeri, txuriurdina baloiarekin lurrean zegoela, baina epaileak ez du ikusi.

75. minutuan, gertu izan du gola Bienvenuk, korner korapilatsu batean. Hori izan da Zaragozak sortutako arrisku bakarra. Baloia mantenduta, aukera asko izan ditu Realak, baina Apoño izan da goleatzailea. Bergaren penalti ulertezina bihurtu du Zaragozakoak, azken minutuan. Ordurako, norgehiagoka irabazita zuen Realak, eta Europa Ligako postuetan sartzea lortu du.

Albisteak (2)

Bideoak (1)

Galeriak (1)