Igandean, 21:00etan
Realak Vicente Calderon estadioko hiru puntuak nahi ditu
Erredakzioa
Donostiako taldeak ezustekoa eman nahi du ligako bigarren sailkatuaren kontra. Chory Castro, Diego Ifran eta Gorka Elustondo lesionatuta daude.
Realak erronka polita izango du etxetik kanpora ligako bigarren sailkatuaren aurka. Montanierren mutilak Vicente Calderonen puntuak lortu dituzten azkenekoak dira, Atleticok ez baitu galdu denboraldi honetan, Madrilen. Realak Europara begiratzen jarraitu nahi du, baina horretarako puntuak eskuratu beharko ditu.
Carlos Vela mexikarra taldeko goleatzailea da, eta aurrelariak talde indartsu baten kontra bere maila erakusteko abagune ona izango du. Gipuzkoako taldeak azkeneko hamabi partidetan gola egitea lortu du, eta azkeneko bi neurketetan sei eskuratu ditu.
Antoine Griezmannek eta Imanol Agirretxek erasoan hirukote bikaina egiten dute Velarekin batera, baina Realaren arazoa defentsan dago. Azkeneko lau partidetan txuri-urdinek golak jaso dituzte.
Montanierrek baja oso garrantzitsuak izango ditu, Chory Castro, Diego Ifran eta Gorka Elustondo lesionatuta baitaude.
Simeoneren mutilek ere erronka ederra izango dute, aurkari arriskutsu baten kontra. Zuri-gorriek 22 jardunaldi daramatzate sailkapeneko bigarren postuan, baina Real Madril bi puntura jarri zaie.
Ustezko hamaikakoak:
Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Miranda, Godin, Filipe; Cristian Rodriguez, Gabi, Koke, Arda; Diego Costa eta Falcao.
Reala: Bravo; Carlos Martinez, Iñigo Martinez, Mikel, De la Bella; Zurutuza, Bergara, Xabi Prieto; Griezmann, Agirretxe eta Vela.