Itxi

0-2 Rayoren aurka

Realak geldiezin jarraitzen du

Talde txuri-urdinak 0-2 irabazi dio Rayo Vallecanori, eta BBVA Ligako sailkapenako laugarren postuari sendo eusten dio. Agirretxek sartu ditu bi golak.

Realeko jokalariak Rayori sartutako bi goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Realak geldiezni jarraitzen du, eta igande honetan beste garaipen bat lortu du. Talde txuri-urdinak 0-2 irabazi dio Rayori Vallecasen, eta Txapeldunen Liga jokatzeko txartela ematen duen laugarren postuari sendo eusten dio Philippe Montanierrek zuzentzen duen taldeak. Atzetik datozen taldeekin zuen abantaila handitu du Realak, eta orain, lau puntuko aldea du Malagarekiko eta Valentziarekiko.

Partida parekatuta hasi zen, eta lehen abagunea Rayok sortu zuen. Seigarren minutuan Pitik jokaldi bikaina egin zuen, baina Baptistaoren errematea gora joan zen. Hurrengo jokaldian Realak bere lehen abagunea izan zuen, eta berean lehen gola lortu zuen. Griezmannek pase dotorea eman zion hegaletik Agirretxeri, eta aurrelari txuri-urdinak ez zuen barkatu (0-1). Gola sartuta Reala eroso jokatzen hasi zen, eta 14. minutuan bigarren gola lortu zuen. Carlos Martinezek baloia aldendu zuen Rayoko defentsak kale egin, eta Agirretxek 0-2koa sartu zuen.

Bi gol hauek hartuta Rayo aldeak murrizten saiatu zen, baina Realak kontrolpean izan zuen partida. Vallecaseko taldeak aldeak murrizteko aukera izan zuen lehen zatiko azken minutuetan, baina Baptistaok atepean ezin izan zion amiera ona eman Pitiren jokaldi bikainari. Atepean kale egin zuen Leo Baptistaok, eta horrenbestez, Realaren aldeko 0-2koarekin iritsi zen partida atsedenaldira.

Bigarren zatian Rayo Vallecanok aldeak murrizteko saiakera egin du, baina Reala sendo mantendu da. Talde txuri-urdinak ondo eutsi die Rayoren erasoei, eta Vallecaseko taldeak ez ditu abagune asko sortu.

Pitik jaurtitako falta bat, eta Delibasicek egindako beste erremate batek zailtasunetan jarri du Claudio Bravo atezaina, baina Realak ere izan du aldeak handitzeko aukera. Azkenean, bi taldeetako batek ere ez du aurkariaren atea zulatzea lortu bigarren zati honetan, eta partida Realaren aldeko 0-2ko emaitzarekin amaitu da.

Fitxa teknikoa:

0 - Rayo Vallecano: Ruben Martinez; Tito (Arbilla, 16. min), Jordi Figueras, Galvez, Casado; Trashorras (Delibasic, 61. min), Javi Fuego; Lass (Jose Carlos, 16. min), 'Chori' Domínguez, Piti; eta Leo.

2 - Reala: Bravo; Carlos Martínez, Iñigo, Mikel González, De la Bella; Bergara, Illarramendi (Elustondo, 74. min); Vela ('Chori' Castro, 76. min), Xabi Prieto (Ifran, 82. min), Griezmann; eta Agirretxe.

Golak: 0-1: 5. min Agirretxe; 0-2: 14. min Agirretxe.

Epailea: Alvarez Izquierdo.

Albisteak (2)

Informazio gehiago (1)