4-2 Valentziaren aurka
Txapeldunen Ligako ateak irekitzen dituen garaipena
Erredakzioa
Realak 4-2 irabazi dio Valentziari, Anoetan, eta atzetik dituen taldeekin zuen abantaila handiagotu du. Bost puntu ateratzen dizkie Realak Valentziari eta Malagari.
Realak garaipen garrantzitsua lortu du Valentziaren aurka (4-2), eta Txapeldunen Ligara sailkatzea gero eta gertuago du talde txuri-urdinak. Bost puntuko abantaila du Realak atzetik dituen Valentziarekiko (bosgarren sailkatua) eta Malagarekiko (seigarren sailkatua).
Partida bizi hasi da, eta bi taldeek hasieratik utzi dute garbi garaipena lortu nahi zutela. Bigarren minutuan etorri da txuri-urdinen lehen abagunea, baina Velaren jaurtiketa dotorea kanpora joan da, gutxigatik. Valentziaren erantzuna jarraian etorri da, eta Claudio Bravo atezainak erantzun bikaina eman dio Mathieuk jaurtitako faltari. Bi taldeak erasokor aritu dira, eta argi zegoen gola alde batetik edo bestetik iritsi behar zela. Valentzia izan da aurkariaren atea zulatzen lehena: Cissokhok erdiraketa ona atera du, eta Soldadok sare barrura bidali du lehen zutoinean egindako errematea. 25. minutuan, Valentzia 0-1 irabazten ari zen.
Golak min egin dio Realari, eta, 29. minutuan, epaileak txartel gorria barkatu dio Claudio Bravori. Talde txuri-urdineko atezainak baloia eskuaz jo du, area kanpoan, baina epaileak ez du ezer adierazi. Pixkanaka, Reala joko hobea egiten hasi da, eta, 35. minutuan, Iñigo Martinezek partida berdintzea lortu du, kornerretik zetorren erdiraketa boleaz sare barrura bidalita (1-1). Lehen zatia berdinduta bukatu da.
Bigarren zatian, Valentzia izan da baloiaren jabe, baina Reala sendo aritu da defentsan, kontraerasora ateratzeko zain. Valentziaren ekinak ez du saririk jaso, eta Realak 2-1ekoa sartu du, kontraerasoan, Chory Castroren bitartez.
Gola hartu eta gero, Valentzia oraindik eta erasokorrago azaldu da, baina Reala ezda kikildu, eta , defentsako lan bikaina eginda, golik ez jasotzea lortu du. Reala gustura egon da atzean, eta, kontraerasorako aukera eduki duenean, arriskua sortu dute txuri-urdinek. Horrela, 88. minutuan, Agirretxek amaiera ona eman dio Xabi Prietoren erdiraketari, eta 3-1ekoa sartu du. Bazirudien gol horrek partida erabakita utzi duela, baina Valentziak ez du etsi, eta Jonasek 3-2koa sartu du, 90. minutuan.
Luzapeneko azken lau minutuetan, Valentziak lerro guztiak aurreratu ditu, berdinketa lortzeko, baina Reala ez da urduri jarri, eta, azken minutuan, Agirretxek maisuki amaitu du talde txuri-urdinaren kontraeraso bat (4-2).
Fitxa teknikoa:
4 - Reala: Bravo; Carlos Martínez, Iñigo Martinez, Mikel, De la Bella; Illarramendi (Pardo, 87. min), Bergara, Xabi Prieto (Ansotegi, 88. min); Chory Castro (Zurutuza, 76. min), Vela eta Agirretxe.
2 - Valentzia: Diego Alves; Joao, Ricardo Costa, Mathieu, Cissokho (Valdez, 79. min); Albelda (Guardado, 75. min), Ever Banega, Feghouli (Piatti, 72. min), Dani Parejo; Jonas, Soldado.
Epailea: Fernandez Borbalan.
Golak: 0-1, 25. min: Soldado. 1-1: Iñigo Martinez. 2-1, 73. min: Chory Castro. 3-1, 86. min: Agirretxe. 3-2, 90. min: Jonas. 90+4. min: Agirretxe.