Itxi

2-1

Getafek amaiera eman dio Realaren bolada onari

Erredakzioa

2-1 galdu du talde txuri-urdinak Alfonso Perez futbol zelaian. Velak 0-1ekoa sartu du, laugarren minutuan, baina Markel Bergararen eta Bravoren hutsek emaitza iraultzen lagundu diote Getaferi.

Barradak 2-1ekoa sartu duen uneko irudia. Argazkia: EFE

Realak 2-1 galdu du Getaferen aurka Alfonso Perez Coliseumean, eta txuri-urdinen orain arteko bolada bikainari amaiera eman dio Madrileko taldeak.

Partida erritmo biziarekin hasi zen, eta bi taldeek aurkariaren atea bilatzeko asmoa azaldu zuten lehen minututik. Bi taldeetako batek ere ez zuen abagune argirik sortu lehen minutuetan, baina laugarren minutuan Carlos Velak bikain errematatu zuen Zurutuzak hegaletik egindako erdiraketa, eta 0-1ekoa sartu zuen.

Gola hartuta Reala nagusi izan zen. Talde txuri-urdina zen baloiaren jabe, eta Getafe ezinean zebilen. Monatanierrek zuzentzen duen taldeak, ordea, ez zuen abagune argirik sortu, eta pixkanaka Getafe eroso sentitzen hasi zen. Reala erlaxatu egin zen, eta Getafe horretaz baliatu zen erreakzionatzeko. Norgehiagokako 18. minutuan Markel Bergarak huts egin zuen area ertzean pasea ematerakoan, baloia Pedro Leoni iritsi zitzaion eta ate aurrean ez zuen barkatu (1-1). Gol honek partida ireki zuen, eta bi taldeek bigarren gola sartzeko abaguineak izan zituzten. 30. minutuan Lafitak abagune argia huts egin zuen, atepean egindako errematea kanpora bidalita, eta hiru minutu geroago Moya atezainak erantzun bikaina eman zion Velaren erremateari. Atsedenaldira irtisteko gutxi falta zenean, 38. minutuan, Getafek bigarren gola sartu zuen. Lafitak area ertzetik egindako jaurtiketa gaizki desbideratu zuen Bravo atezainak, eta Barradak sare barrura bidali zuen errematea 2-1koa sartuta. Gol bateko abantailarekin iritsi zen Getafe atsedenaldira.

Reala berdinketa lortzen saiatu zen bigarren zatian, baina Getafek ondo eutsi zion hasierako minutuetan. Montanierrek zuzentzen duen taldeak ez zuen abagune argirik sortu partidako azken ordu laurdenera arte, eta Getafek ere partida amaieran izan zituen hirugarren gola sartzeko abagune onenak.

Berdinketa gertu izan zuen Realak 77. minutuan, baina ez Agirretxe ezta Vela ez ziren Chory Castrok egindako erdiraketa bikaina errematatzera iritsi. 83. minutuan Carlos Martinezen errematea gutxigatik kanpora joan zen, eta Griezmannek izan zuen Realaren azken aukera 84. minutuan, baina bere boleakada langa gainetik kanpora bidali zuen. Azken minutuetan Getafek abagune argiak izan zituen, baina ez zuen hirugarren gola sartzea lortu. Azkenean, Getafek 2-1 irabazi zuen.

Fitxa teknikoa:

2.- Getafe: Moya; Valera, Rafa (Lopo, 82. min), Fede, Mane; Lacen, Borja (Xavi Torres, 76. min); Pedro Leon, Barrada (Sarabia, 71. min) Diego Castro eta Lafita.

1.- Reala: Bravo; Carlos Martinez (Estrada, 82. min), Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, De la Bella; Bergara, Ruben Pardo (Chory Castro, 67. min); Vela, Zurutuza (Ifran, 76. min) Griezmann; eta Agirretxe.

Golak: 0-1, 4. min: Vela; 1-1, 18. min: Pedro Leon; 2-1, 39. min: Barrada.

Epailea: Undiano Mallenco.

Informazio gehiago (1)