Uztailaren 3an, lanera
Realak Ingalaterra aldean egingo du denboraldi-aurrearen zati bat
Erredakzioa
Hara joan aurretik, Jagoba Arrasatek entrenatutako taldeak guztira bost neurketa jokatuko ditu, lau Gipuzkoan bertan eta bosgarrena Portugalen.
Realaren denboraldi-aurrea ia osorik zehaztuta dago. Gipuzkoan egingo dute txuri-urdinek udako prestakuntzaren lehen zatia.
Lehen taldea uztailaren 3an hasiko da lanean, eta Zubietan entrenatuko du hilabete osoan. Uztaila bitartean, Jagoba Arrasatek entrenatzen duen taldeak guztira bost neurketa jokatuko ditu, lau Gipuzkoan bertan eta bosgarrena Portugalen.
Lehen norgehiagoka uztailaren 12an izango du, Arrasaten, bertako taldearekin lagunartekoa jokatuz, horren mendeurrena ospatzeko. 20an, Realak Toulouse frantsesa jasoko du Tolosan, urrian bertan Kilometroak Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia hartu aurretik antolatutako ekimenen artean.
Lau egun geroago, Real Unión izango du aurkari, Galen (Irun), eta 27an Lisboara bidaiatuko du, Jose Alvalade estadioan Sporting Lisboa taldearen aurka jokatzeko. Prestakuntzako bigarren eta azken atalean sartu aurretik, talde txuri-urdinak Eibarren kontra jokatuko du.
Egonaldia Readingen
Denboraldi-aurreko azken txanpa Readingen (Ingalaterra) egingo dute donostiarrek. Han egun batzuk igaro eta lagunarteko zenbait partida jokatuko dituzte. Bigarren zati honetako xehetasunak lotzea falta da. Datozen egunetan, klubak britainiar egonaldiko aurkarien berri emango du, baita partiden egunen, lekuen eta orduen berri ere.
Aurredenboraldiaren lehen zatiko lagunartekoak:
- Mondragon-Reala: 12an Arrasaten (ordua zehazteko).
- Reala-Toulouse: 20an Tolosan Kilometroak-ren alde (19etan).
- Real Unión-Reala: 24ean Galen (ordua zehazteko).
- Sporting de Portugal-Real Sociedad: 27an Lisboan.
- Reala-SD Eibar: 31ean (lekua eta ordua zehazteko).