Txapeldunen Liga
Zenit eta Arsenal, zozketako aurkari arriskutsuenak
J.B.
Jagoba Arrasateren gizonek ostiralean, abuztuaren 9an, ezagutuko dute euren aurkaria. Arsenal, Zenit, Milan, Olimpique Lyon eta Schalke 04 izan daitezke txuri-urdinen arerioak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Realaren aurkaria, Txapeldunen Ligako atarikoan, Zenit, Milan, Arsenal, Schale 04 edo O. Lyon izan daiteke, ostiraleko zozketan. Pasa den denboraldian egindako lan bikainari jarraipena emateko, txuri-urdinek bihar ezagutuko dute arerioa. Joaneko norgehiagokak abuztuaren 20-21ean jokatuko dira, eta itzulerakoak astebete geroago.
Bost taldeetatik, aurkari indartsuena San Petersburgoko Zenit dela esan daiteke. Errusiako taldeak ligako lau neurketa jokatu ditu (bi garaipen, berdinketa bat eta porrot bakarra), eta txapelketa ofizialetan minutu gehiago jokatu dituena da. Gainera, Txapeldunen Ligako atarikora sailkatzeko, Nordsjaelland 5-0 jipoitu zuen asteazkenean. Hulk eta Arshavin dira Zeniteko izarrak.
Arsene Wengerrek zuzendutako Arsenal taldea ere, aurkari oso arriskutsua izan daiteke. Londreseko taldea Txapeldunen Liga jokatzen ohituta dago, eta aurten multzoetako fasera sailkatzea helburu nagusia izango da. Monreal, Koscielny, Sagna edo Vermaelenek defentsa oso sendoa osatzen dute, eta erasoan Mikel Artetak, Santi Cazorlak edo Walcottek bizitasuna ematen diote jokoari.
Milan emaitzei dagokionez ez dago bere sasoi onenean, baina Italiako taldeak zazpi auditan irabazi du Europako Txapelketa. Allegriren gizonek talde oso fisikoa, sendoa osatzen dute, baina erasoan kalitate handiko jokalariak ditu. Balotelli, Montolivo, Nocerino edo El Shaarawy norgehiagoka bat erabakitzeko gai dira.
Olimpique Lyon Europako txapelketako beste klasiko bat da, baina azkenengo urteetan taldeko izarrek alde egin dute. Frantziako klubak jokalari beteranoak (Reveillere kapitaina) eta gazteak batzen ditu, eta bere arma nagusia Gourcuffek eta Gomisek osatzen duten bikotea da. Hala ere, Remy Garderen taldea zozketako xumeenetarikoa izango da, Schalkerekin batera.
Alemaniako taldeak Europa Ligan gehiago borrokatu du Txapeldunen Ligan baino, azkenengo urteetan. Schalke 04 taldeak azken denboraldietako bizkarrezurra mantentzen du, eta gizon arriskutsuenak Farfan peruarra eta Huntelaar holandarra dira, erasoan. Defentsan, Howedes kapitainak eta Papadopoulos gazteak sendotasuna ematen diote taldeari.