Itxi

Asteartean, 20:45ean

Realak emaitza on bat lortzea du helburu Lyonen

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak astearte honetan jokatuko du Txapeldunen Ligako atariko kanporaketako joaneko partida. Olympique Lyon izango dute aurkari Gerlanden, 20:45ean.

Realeko jokalariak Getaferi Ligan sartutako bi goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Realak ilusioz beteta ekingo dio Txapeldunen Ligako atariko kanporaketari. Talde txuri-urdinak baja asko izango ditu Olympique Lyonen aurka astearte honetan (20:45ean) jokatuko duen partidarako, baina Europako txapelketarik garrantzitsuenera sailkatzea dute helburu.

Txapeldunen Ligako atariko kanporaketako zozketan Olympique Lyon egokitu zitzaion aurkari Realari. Bi talde hauel elkarren aurka jokatu zuten iazko denboraldi-aurrean, eta norgehiagoka berdinduta amaitu zen (1-1).

Talde gipuzkoarra Lyonen dago jada, eta jokalari garrantzitsu askoren bajak izango ditu. Imanol Agirretxe, Diego Ifran, Jose Angel eta Dani Estrada ez daude jokatzeko prest.

Getaferen aurka joko ona azaldu zuen Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeak, eta garaipena lortu zuen Ligako lehen jardunaldian. Xabi Prietok eta Marcel Bergarak ez zuten Getaferen aurka jokatu, baina Lyonen aurkako partidarako prest izango dite Arrasatek.

Olympique Lyoneko presidentearen ustez, bere taldeak Realari irabazteko gaitasuna du, nahiz eta Lyon ez den iragan urteetako talde sendoa. Lissandrok (Al-Gharafa) eta Bastosek (Al Ain Club) taldea utzi dute, eta Bafetimbi Gomisek ere taldea uzteko gogoa du. Alexandre Lacazette eta Yassine Benzia jokalariek osatuko dute Olympique Lyonen aurrealdea.

Yoan Gourcuff da talde frantziarraren izarra. Azken denboraldietan, espero zena baino gutxiago eman dio Gourcuffek taldeari, baina denboraldi-aurre honetan maila itzela eman du, eta ilusioa piztu du Lyoneko taldean.

Ustezko hamaikakoak:

Reala: Bravo; Carlos Martinez, Iñigo Martinez, Ansotegi, De la Bella; Elustondo, Bergara, Zurutuza; Prieto, Vela eta Seferovic.

Olympique Lyon: Anthony Lopes; Miguel Lopes, Bisevac, Fofana, Bedimo; Malbranque, Gonalons, Grenier, Gourcuff; Lacazette eta Benzia.

Epailea: Milorad Mazic (Serbia)

Zelaia: Gerland.

Ordua: 20.45ean.

Albisteak (3)