0-1 Vallecasen
Realak zortzi partida daramatza irabazi gabe, Rayorekin galdu ostean
Leire Etxazarra | eitb.com
Donostiarrek aukera garbiak izan dituzte, baina Rayok ez dizkie gauzak batere erraz jarri. 88. minutuan epaileak penalti eztabaidagarria adierazi du eta etxekoek neurketako gol bakarra egin dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jonathan Vieraren zorigaiztoko jokaldi batek porrota ekarri dio Realari Rayo Vallecanoren aurka jokatutako liga partidan. Vierak Claudio Bravoren falta eragin eta epaileak madrildarren aldeko penaltia adieraztea lortu du, amaierarako minutu pare bat falta zirenean. Ondorioz, Realak partida galdu du eta zortzi norgehiagoka daramatza jada jarraian garaipenik lortu gabe.
Duela hiru egun Bayern Leverkusenen aurka Txapeldunen Ligan jasotako porrot mingarria ahaztu nahi zuten Arrasateren gizonek Rayori irabazita, eta helburu hori gauzatzeko asmoa hasieratik agertu dute donostiarrek. Neurketako lehen bi aukerak Antoine Griezmannek eta Carlos Velak izan dituzte, baina biei erantzun egokia eman die Ruben Martinez atezainak.
Madrildarrek ere borrokarako gogoa izan dute hasieratik; zaleak bultzaka izan dituzte, baina ideia gutxiko taldea direla erakutsi dute. Hala ere, Adrian Gonzalez lehen gola sartzear izan da lehen zatiko 27. minutuan, baina bere jaurtiketak langan jo du.
Bigarren zatian, donostiarrek kemen gehiago izan dute eta Imanol Agirretxek, Seferovicek eta De la Bellak aukera oso onak izan dituzte gipuzkoarrak markagailuan aurreratzeko. Baina baloiak ez du sarean sartu nahi izan.
Penaltia azken minutuetan
Partida berdinketarekin amaituko zela zirudienean, penaltiaren jokaldia iritsi da. Jonathan Viera arean sartu da baloiarekin eta Claudio Bravo atezainak penaltia egin diola erabaki du epaileak.
Aurrelari kanariarrak maisuki jaurti eta Realeko atezaina engainatu egin du, baloia atera sartuta. Gauzak horrela, Rayok denboraldiko bigarren garaipena lortu du, azken sei partidetan galtzaile atera ostean. Realak, berriz, zortzi daramatza jada, garaipenik lortu gabe.