Itxi

Old Trafforden

Realak 1-0 galdu du, eta Txapeldunen Liga aldapa gora jarri zaio

Erredakzioa

Iñigo Martinezek bere atean egin du norgehiagokako gol bakarra, lehenengo zatiko bigarren minutuan. Txuri-urdinek aurpegia eman dute, baina ezin izan dute markagailua irauli.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gipuzkoako taldeak porrot mingarria jaso du Old Trafford estadio mitikoan (1-0). Iñigo Martinezek bere atean egin du norgehiagokako gol bakarra, eta txuri-urdinek ezin izan dute emaitza irauli. Gainera, Txapeldunen Liga oso aldapa gora jarri zaio Realari, hirugarren sailkatua, Shakthar Donetsk, 4 puntura baitu multzoetako fasean.

Realak partida gaizki hasi du, zorte txarrarekin. Lehenengo zatiko bigarren minutuan Iñigo Martinezek gola egin du, bere atean, eta David Moyesen taldea 1-0 aurretik jarri da markagailuan. Rooneyk zutoinera jaurti du, eta Ondarroako zentralak aldaratzea sareetara bidali du. Manchester United nagusi izan da, markagailua alde zuela, eta Wayne Rooney aurrelariak erakustaldia eman du erasoan. Ingalaterrako jokalariak gola lortzeko abagune argia izan du, 13. minutuan, baina Claudio Bravok gelditu erabakigarria egin du.

Jagoba Arrasateren gizonak erasoan animatu dira, pixkanaka, eta txuri-urdinek aukera onak sortu dituzte. Haris Seferovicek De Gea goitik gainditzeko saiakera egin du, baina Espainiako atezainak erantzun bikaina eman du baloia kornerrera bidalita (29. minutua). Realaren abagunerik onena Antoine Griezmannen falta jaurtiketa bat izan da (41. minutua). Frantziarrak gogor jaurti du, baina baloiak zutoina jo du. Donostiako taldea 1-0ekoarekin joan da aldageletara.

Bigarren zatian txuri-urdinek lerroak aurreratu dituzte, eta aukera onak egon dira, bi ateetan. 54. minutuan, Claudio Bravok geldiketa ikusgarria egin du Jonesen errematea langa azpitik ateratzeko, eta Realak erantzuna azkar eman du. De la Bellak erdiraketa kaskarra jarri du, baina baloia desbideratu egin da eta langa jo du.

Partidako azkenengo minutuetan 'deabru gorriak' jaun eta jabe izan dira berdegunean, eta Jagoba Arrasateren taldeak nekea sumatu du. Valenciak abagune ederra izan du, 64. minutuan, baina ekuadortarraren jaurtiketa zutoinera joan da. Rooneyk ere Manchester Uniteden bigarrena egiteko aukera argia izan du, baina aurrelariak Bravoren eskuetara jaurti du. Azkenean, Realak porrota jaso du Old Trafforden, eta punturik gabe jarraitzen du Txapeldunen Ligan.

- Fitxa teknikoa:

1 - Manchester United: De Gea, Rafael (Smalling, 59. minutua), Evra, Giggs, Jones, Evans, Antonio Valencia, Carrick, Hernandez (Young, 80. minutua), Rooney, Kagawa.

0 - Reala: Bravo, Martinez, De la Bella, Zurutuza (Castro, 75. minutua), González, Iñigo Martinez, Vela, Bergara, Seferovic (Agirretxe, 75. minutua), Xabi Prieto (Ruben Pardo, 68. minutua), Griezmann.

Gola: 1-0 (2. minutua): Iñigo Martinez (bere atean).

Albisteak (2)

Bideoak (1)

Audioak (1)

Informazio gehiago (1)