Larunbatean, 16:00etan
Realak eta Osasunak mamu guztiak uxatu nahi dituzte Anoetan
Erredakzioa
Gipuzkoarrek Valladoliden hartutako ustekabekoa ahaztu nahi dute: nafarren helburua, aldiz, jaitsiera postuetatik ahalik eta gehien aldentzea da.
Realak eta Osasuna mamu guztiak uxatu nahi dituzte larunbatean, 16:00etan, Anoetan jokatuko duten derbian. Donostiarrek Europara hurbildu nahi dute, eta euren jokoak zaleengan sortutako urduritasuna desagerrarazi.
Osasunak, aldiz, jaitsiera postuetatik aldendu nahi du, iragan jardunaldian Rayori 3-1 irabazi eta denboraldi osoan zulotik lehen aldiz atera eta gero.
Bi taldeek elkarren aurka jokatu dituzten azken neurketetan gol oso gutxi izan dira, eta 0-0 izan da gehien eman den emaitza. Realak etxean hartu duen gol kopuru txikia ikusita (hiru), larunbatean ere gol gutxi izango direla dirudi.
Donostiarren Antoine Griezmannen bolada gozoan dituzte jarrita itxaropenak, lau gol egin ditu azken lau norgehiagoketan, eta Lehen Mailako hamar golegile onenen artean dago.
Gorritxoek, bestalde, arazoak dituzte Sadarretik kanpo: bost partida jokatu dituzte eta bakarra irabazi (0-1 Malagan). Athletic, Getafe, Atletiko Madril eta Sevilla taldeen aurka, berriz, galdu egin dute.
Osasunak 2005. urtean irabazi zuen azken aldiz Donostian. Orduña 1 eta 2 gailendu zen, Raul Garciak eta Cuellarrek egindako golei esker.
Ustezko hamaikakoak:
Reala: Bravo; Carlos Martínez, Iñigo Martínez, Mikel, José Ángel; Bergara, Xabi Prieto, Zurutuza; Vela, Griezmann eta Seferoric.
Osasuna: Andrés Fernández; Oier Sanjurjo, Loties, Arribas, Damiá; Raoul, Silva; Cejudo, Torres, De las Cuevas; Oriol Riera.
Epailea: Del Cerro Grande. (Madrildarra)
Estadioa: Anoeta. (larunbatean, 16:00etan).