5-0
Realak jipoia eman dio Osasunari euskal derbian
A.B.
5-0 irabazi du talde txuri-urdinak. Bigarren zatiaren hasieran bideratu du garaipena etxeko taldeak. Lotiesek txartel gorria ikusi du bigarren zatian eta gorritxoak hamar jokalarirekin geratu dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Realak 5-0 irabazi dio Osasunari Anoetan jokatu duten euskal derbia. Garaipen honek konfiantza eman behar dio talde txuri-urdinari asteartean Manchester Uniteden aurka jokatu duen Txapeldunen Ligako partidarako.
Norgehiagoka erritmo biziarekin hasi da, eta bi taldeek presio bortitza egin dute zelai erdian. Lehen zatia oso kaskarra izan da, eta abaguneak urriak izan dira. Etxeko taldeak eman du lehen abisua Andres Fernandezek arazorik gabe gelditu duen 'Chory' Castroren jaurtiketa batekin. Osasunaren erantzuna jarraian etorri da, baina Oriol Riera ez da gutxigatik errematera iritsi. Partidako abagune onena Realak sortu du 31. minutuan, baina Iñigo Martinezen errematea kanpora joan da, zutoina urratu ostean. Bi minutu beranduago, txuri-urdinek gola sartu dute. Pardok bikain atera du falta eta Ansotegik sare barrura bidali du errematea 1-0ekoa egiteko. Realaren aldeko emaitza horrekin (1-0) iritsi da partida atsedenaldira.
Bigarren zatiko lehen bost minutuetan partida berdintzeko aukerarik gabe geratu zen Osasuna. Realak bikain ekin zion bigarren zatiari, eta 47. minutuan 2-0koa lortu zuen. Talde txuri-urdinaren bigarren gola ere estrategia jokaldian etorri zen. Ruben Pardok kornerra atera eta Iñigo Martinezek sare barrura bidali zuen lehen zutoinean egindako errematea (2-0).
Maldan gora jarri zitzaion partida Osasunari bigarren zatiaren hasieran, baina zailago jarri zaie gorritxoei Lotiesek 49. minutuan txartel gorria ikusi duenean. Osasunako erdiko defentsak falta egin dio area ertzean Velari, eta epaileak egotzi egin du. Bost minutu beranduago, Realak 3-0koa sartu du. Txuri-urdinen hirugarren gola ere estrategi jokaldian iritsi da. Ruben Pardok kornerra atera, Andres Fernandezek kale egin du aldentzerakoan, eta Griezmannek sare barrura bidali du buruz egindako errematea.
Azken 30 minutuak oso erosoak izan dira Realarentzat eta luzeegiak Osasunarentzat. Talde txuri-urdinak festa biribiltzeko baliatu ditu azken minutuak. 'Chory' Castrok 4-0ekoa sartu du 81. minutuan eta Seferovicek egin du azken gola, 5-0ekoa, 87. minutuan.
Fitxa teknikoa:
5.- Reala: Bravo; Carlos Martinez, Iñigo, Ansotegi, Jose Angel; Elustondo, Zurutuza (Xabi Prieto, 62. min), Ruben Pardo; Vela (Seferovic, 71. min), Griezmann (Agirretxe, 71. min) eta Chory Castro.
0.- Osasuna: Andres Fernandez; Loties, Lolo, Arribas (Patxi Puñal, 60. min), Damia; Torres, Cejudo (Flaño, 51. min), De las Cuevas, Silva, Torres; Oriol Riera (Onwu, 76. min).
Epailea: Del Cerro Grande.
Golak: 1-0, 33. min: Ansotegi. 2-0, 47. min: Iñigo Martinez. 3-0, 56. min: Griezmann. 4-0, 81. min. Chory Castro. 5-0 87. min: Seferovic.