Realaren garaipena
Anoetako derbia txuri-urdina da (2-0)
Erredakzioa
Reala baino hobeto zelairatu da Athletic, baina Griezmannek 43. minutuan sartutako golak konfiantza eman dio etxeko taldeari. Bigarren gola Pardorena izan da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Reala izan da nagusi Athleticen aurka, Ligako 18. jardunaldian, jokatutako euskal derbian (2-0). Antoine Griezmann eta Ruben Pardo izan dira partidako golegileak.
Reala baino hobeto zelairatu da Bilboko taldea, eta Arrasateren gizonek kemenari esker eutsi diote zuri-gorriek ezarritako erritmo biziari. Hasiera zirraragarria izan da. 22. minutuan Agirretxek izan du markagailua estreinatzeko gol aukera, arriskuarekin Realak sortu duen aurrenekoa. Velak erdiratu du, eta aurrelariak baloia ukitu besterik ez du egin, baina kanpora joan da.
Bi minutu geroago, Gurpeguirena izan da abagunea. Nafarrak buruz errematatu du korner batean, eta baloia gutxigatik ez da sartu. Minutuek aurrera egin ahala, indar pixka bat galdu du norgehiagokak, baina ez emozioa. Valverderen gizonak ziren nagusi, eta Herrerak, Iturraspek eta Mikel Ricok min egin diote Realaren zelai-erdiari.
Eta orduan, 43. minutuan, heldu da Griezmannen gola, gol psikologikoa. Frantziarrak arearen ertzetik jaurti du, baloia Iraizozek urrundu du eta aldaratzea Griezmanni iritsi zaio berririo ere. Bigarren aukeran ez du huts egin. Atsedenaldia adierazi du epaileak (1-0).
Bigarren zatia hasi eta berehala, gola bere atean sartzeko zorian izan da Iturraspe. Realak ateratako korner batean, buruz aldaratu du atzelari zuri-gorriak eta baloiak Iraizozek defendatutako atearen zutoinean jo du. 60.ean Markel Bergarak eskuarekin ukitu du baloia area barruan eta zuri-gorriek penaltia eskatu dute, baina Perez Monterok ez du ezer adierazi.
Athleticena zen baloiaren jabetza, eta Realak atzera egin du kontraerasoan aurkaria ezustean harrapatu nahian. Baina Athleticen jokoa bat-batean hondatu egin da, eta donostiarrek egoera baliatu dute eroso jokatzeko. Realaren minuturik onenak izan dira, Athleticen kalterako.
Hala ere, berdinketaren bila jarraitu du Athleticek, eta 38.ean banakoaren gola egiteko gol aukera izan du Aritz Adurizek. Gipuzkoarrak Ibai Gomezen erdiraketa ondo errematatzen saiatu da, baina baloia kanpora joan da.
Luzapenean partida erabat erotu da. 91.ean Muniainek izan du berdinketa ezartzeko abagunea, baina Claudio Bravok kornerrera bidali du baloia. 92.ean neurketa erabakita utzi du Ruben Pardoren golak. Athleticek (33 puntu) laugarren postuari eutsi dio, eta Reala bosgarrenean da puntu bat gutxiagorekin (32).
Fitxa teknikoa:
2 - Reala: Bravo; Carlos Martinez, Ansotegi, Iñigo Martinez, Jose Angel; Bergara, Pardo, Xabi Prieto; Griezmann (Chory Castro, 78'), Vela ( Seferovic, 85') eta Agirretxe (Elustondo, 68').
0 - Athletic: Iraizoz; Balenziaga (Iraola 59'), Laporte, Gurpegi, De Marcos; Iturraspe, Rico (Ibai, 73'), Muniain, Herrera; Susaeta (Toquero, 80') eta Aduriz.
Golak:
1-0, 43': Griezmann.
2-0, 90': Rubén Pardo.
Horrelakoa izan da derbia eitb.com-en