Itxi

Gaur, 22:00etan

Realak Rayo hartuko du Anoetan, begiak laugarren postuan dituela

Erredakzioa

Claudio Bravo atezaina eta Ansotegi atzelaria min hartuta daude eta ezin izango dute partida jokatu. Joseba Zaldua, aldiz, osatu egin da eta jokatzeko prest dago.

David Zurutuza, lehen itzulian Vallecasen jokatutako partidan. Efe.

Anoeta gotorleku bihurtu nahi du Realak laugarren postutik gehiegi ez aldentzeko (orain, zazpi puntura dauka). Horretarako, Rayo Vallecano gainditu beharko du astelehenean. Madrildarrak moralez gainezka daude aurreko jardunaldian hiru puntuak lortuta, baina jaitsiera postuetan jarraitzen dute.

Anoetan jokatutako aurreko partidan, Jagoba Arrasateren mutilek garaipen handia lortu zuten Bartzelonaren aurka; joko ona egin zuten orduan donostiarrek, eta izandako aukerak ez zituzten barkatu. Iragan astean, berriz, ezusteko porrota hartu zuten txuri-urdinek Sevillaren aurka.

Taldeak maila ona eman beharko du astelehenean, etxean beste bi partida jokatu baititu datozen lau jardunaldietan. Ezin dute hutsik egin, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko aukerei eutsi nahi badiete.

Claudio Bravo atezainak eta Ansotegi atzelariak ezin izango dute madrildarren aurka jokatu. Atezainak zuntz haustura du eta tentuz aritu behar da. Joseba Zaldua, berriz, osatu egin da eta jokatzeko prest dago.

Litekeena da bi taldeek ondorengo hamaikakoak zelairatzea:

Reala: Zubikarai; Zaldua, Iñigo Martínez, Mikel, José Ángel; Bergara, Zurutuza, Canales; Griezmann, Vela eta Agirretxe.

Rayo Vallecano: Rubén; Arbilla, Gálvez, Zé Castro, Rat; Adrián González, Saúl Ñiguez; Rochina, Bueno edo Viera, Iago Falque; eta Larrivey.

Epailea: Álvarez Izquierdo (kataluniarra)

Estadioa: Anoeta.

Ordua: 22:00etan

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)