BBVA Liga
Rayok ezustean harrapatu du Reala Anoetan (2-3)
Leire Etxazarra | eitb.com
Donostiarrak birritan jarri dira aurretik markagailuan Iñigo Martinezek eta Ruben Pardok sartutako golei esker, baina madrildarrek partida oso txukuna egin dute eta hiru puntuak eraman dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Realak ezusteko porrota jaso du Anoetan, jaitsiera postuetatik ateratzeko borrokan dabilen Rayo Vallecanoren aurka. Madrildarrek oso partida ona jokatu dute eta birritan irauli dute gipuzkoarrek markagailuan izandako abantaila.
Lehen zatian berdintasuna izan da nagusi, Rayo inolako konplexurik gabe aritu baita donostiarren aurrean. Hasiera zoroa izan du neurketak: Iñigo Martinezek Reala aurretik jarri du lehen minutuan, eta, handik bi minutura, Larriveyk berdinketa ezarri du berari egindako penaltiaz baliatuz.
Hortik aurrera, jokoak lasaitzera egin du. Rayoren maila jaitsi egin da, Reala lekua hartzen joan den neurrian. Carlos Velak zenbait aukera izan ditu taldea berriro aurretik jartzeko, baina egindako jaurtiketa gurutzatuak kanpora joan zaizkio.
Vallecasekoek ere aukerak izan dituzte; argiena, Rochinak izan du, baina jaurtiketa bortitza kanpora joan zaio, zutoina laztanduta. Benetako kolpea Ruben Pardok eman du, lehen zatiko azken minutuan, bigarren gola sartuta.
Rayo, bikain
Kanpotarren erantzuna bigarren zatia hasi eta berehala iritsi da, Alberto Buenok sartutako golarekin. Jokaldiak bultzada eman dio Rayori, eta 67. minutuan Rochinak hirugarren gola egin du, madrildarren erasoa maisuki amaituta.
Anoetako zaleak zur eta lur geratu dira. Gipuzkoarrak galduta ibili dira: Vela desagertuta eta gainerako jokalariak zuloa aurkitu ezinik. Jemezen mutilek denboraldiko neurketarik onena jokatu dute. Jokatu eta irabazi. Realak 2013ko irailetik zeraman Anoetan Ligako partida bat galdu gabe.
Fitxa teknikoa:
2.- Reala: Zubikarai; Zaldua, Mikel (Canales, 69. min), Iñigo Martínez, José Ángel; Elustondo, Xabi Prieto, Rubén Pardo; Castro (Griezmann, 62. min), Vela eta Agirretxe.
3.- Rayo Vallecano: Rubén; Arbilla, Ze Castro, Gálvez, Rat; Saúl, Adrián, Rochina (Johathan, 80. min); Iago Falque (Lass, 72. min), Bueno (Nacho, 89. min) eta Larrivey.
Golak: 1-0, 1. min: Iñigo Martínez. 1-1, 4. min: Larrivey. 2-1, 45. min: Rubén Pardo. 2-2, 46. min: Bueno. 2-3, 67. min: Rochina.