Itxi

Europa Liga

Realak aurrera egin du, partida deserosoa jokatuta (2-3)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Donostiarrek garaipena lortu dute Eskozian, Aberdeenen aurka, Xabi Prietok egindako bi golei eta Bergarak sartutako beste bati esker. Aberdeen lehiakor aritu da, nahiz eta Reala baino gutxiago izan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Realak Europa Ligako atariko hirugarren kanporaketa gainditu du, Aberdeeni itzuleko partidan 2 eta 3 irabazita. Anoetan jokatutako joanekoan, 2 eta 0 gailendu ziren gipuzkoarrak.

Lehen zatian, eskoziarrak donostiarrak baino hobeto atera dira zelaira, goian presioa egin eta arriskua sortu dute, baina, txuri-urdinen zorionerako, ez dute asmatu azken errematea egiteko orduan.

16. minutuan gola egin du etxeko taldeak, baina epaileak baliorik gabe utzi du, zenbait jokalari jokoz kanpo geratu direlako.

Jagoba Arrasareten taldeak 27.ean egin du gola: kornerra ezkerreko alderik atera dute eta Xabi Prieto kapitainak baloia eskoziarren atean sartu du, buruz errematatuta.

Golak min egin dio Aberdeeni, eta Realak minuturik onenak jokatu ditu.

Hala ere, gauzak okertui egin dira atsedenaldiaren atarian: Zurutuzak min hartuta utzi du zelaia (Ranerok hartu du bere lekua), eta eskoziarrek gola egin dute, Pawlettek sartu du 44. minutuan.

Bigarrena ere egin dute eskoziarrek, atsedenaldiaren ostean: Reynolds izan da golegilea, 56. minutuan. Markagailua irauli dute etxekoek, gipuzkoarrak partidaren kontrola hartu ezinda ibili direla aprobetxatuta.

Reala, deseroso

Reala deseroso egon da berdegunean, etxekoen presioari aurre nola egin asmatu barik. Aurkariaren presioak bizkarrez jokatzera behartu ditu Arrasateren gizonak. Zortea ere kontra izan dute: lehen zatian Zurutuzari gertatu bezala, Finnbogasson lesionatu egin da, eta entrenatzaileak Agirretxe zelairatu behar izan du.

Partidako azken txanpan lortu du Realak nagusitasuna markagailuan islatzea. Xabi Prietok partida berdindu du, penaltiz, 85. minutuan, eta Markel Bergarak, aldiz, donostiarren hirugarrena egin du 91.ean, burukada eder baten bidez.

Gipuzkoarrak laugarren eta azken atarikoaren zozketan izango dira. Zozketa ostiralean egingo dute, 13:00etan, UEFAren egoitzan.

Fitxa teknikoa:

2.-Aberdeen F.C.: Langfield; Logan, Anderson, Reynolds, Pawlett (Rooney, 66. min) ; Hayes, Jack, Flood, Goodwillie (Taylor, 82. min), Considine (Low, 72. min); McGin.

3.- Reala: Zubikarai; Zaldua, Elustondo, Iñigo Martínez, De la Bella; Bergara, Rubén Pardo, Xabi Prieto, Zurutuza (Granero, 43. min); Chory Castro (Canales, 64. min) eta Finnbogason (Agirretxe, 58. min).

Golak: 0-1, 27. min: Xabi Prieto. 1-1, 44. min: Pawlett. 2-1, 56. min: Reynolds. 2-2 85. min: Xabi Prieto penaltiz. 2-3, 90. min: Bergara,

Bideoak (1)