Itxi

2-0

Realak porrota jaso du Chelsearen aurka

Txuri-urdinek 2-0 galdu dute talde ingelesaren aurka jokatu duen denboraldiaurreko partida. Diego Costak sartu ditu Mourinhoren taldearen bi golak.

Chelseak 2-0 irabazi dio Realari. Argazkia: EFE

Realak 2-0 galdu du Chelsearen aurka Londoneko Stamford Bridge zelaian jokatu duten denboraldiaurreko partida. Diego Costak lehen zazpi minutuetan sartutako golek azkar utzi dute norgehiako erabakita.

Chelseak etxean jokatu du, eta bere zaleen aurrean itxura ona eman nahi izan du. Hori dela eta, oso indartsu zelairatu dira, eta lehen minutuan Diego Costak 1-0ekoa sartu du. Schurrleren jaurtiketak zutoina jo eta Atletico Madrileko jokalari ohiak ez du barkatu. Lehen gola sartu eta sei minutu geroago, Chelseak bigarren gola sartu du. Berriro ere, Diego Costa izan da golegilea (2-0).

Hogeigarren minutuan Cesc Fabregasek hirugarren gola sartzeko aukera izan du, baina ez du asmatu. Orduan esnatu zen Reala eta aldeak murrizteko abagune pare bat izan dituzte Canalesen eta Graneroren bitartez, baina ez dira Courtois gainditzeko gai izan.

Bigarren zatian bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik sortu. Chelseak izan du abaguneren bat norgehiagokako azken minutuetan, baina Fernando Torresek ez du txuri-urdinen ate aurrean asmatu.

Fitxa teknikoa:

2 - Chelsea: Courtois; Ivanovic, Cahill, Terry, Ake; Fabregas, Matic; Ramires, Hazard, Schurrle; eta Diego Costa. Bigarren zatian jokatu dute: Azpilicueta, Filipe Luis, William, Oscar, Fernando Torres, Van Ginkel, Salah, Zouma eta Terry.

0 - Reala: Zubikarai, Zaldua, Ansotegi (Mikel, 11. min), Iñigo Martinez, De la Bella; Markel, Ruben Pardo, Granero, X. Prieto; Canales eta Agirretxe. Bigarren zatian jokatu dute: Carlos Martinez, Elustondo, Chory Castro, Estrada, Yuri, Hervias, Oyarzun eta Iker Hernandez.

Golak: 1-0, lehen minutuan: Diego Costa. 2-0, 7. min: Diego Costa

Epailea: Craig Pawson.

Albisteak (3)