Itxi

Valentziaren aurka (1-1)

Realak landutako puntua eskuratu du, sentsazio oneko partidan

Erredakzioa

Nunoren taldeak estreinatu du markagailua, baina Realak partida berdindu du 35. minutuan, Canalesen golari esker.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Realak landutako puntua erdietsi du Valentziaren aurka (1-1) Anoetan jokatutako seigarren jardunaldiko norgehiagokan.

Txuri-urdinak indartsu zelairatu dira, eta Carlos Vela gola egiteko zorian izan da 4. minutuan. Mexikarrak gogor jaurti du ezkerrarekin, baina Alvesek geldiketa ona egin du.

Donostiarrek lanean jarraitu dute, eta Agirretxek gol aukera ona izan du, baina Valentziako atezaina erabakigarria izan da berriro ere. Baloiaren jabetza etxekoena zen arren, Valentziak gola egin du 14.ean. Alcacerrek buruarekin utzi dio baloia Carles Gili eta honek ezkerrarekin gainditu du Zubikarai (0-1).

Golak min egin dio Arrasateren taldeari, baina ez du amore eman eta aurkarien atezainak birritan gelditu ditu Realaren aukerak. 35. minutuan, aldiz, brasildarrak ezin izan du Canalesen gola saihestu. Kantabriarrak ezkerretik erdiratu du, Agirretxe errematatzen saiatu da, baina ez du baloia ukitu eta barrura sartu da.

Realak aurkaria asko estutu du bigarren zatiaren hasieran, bigarren golaren bila. Jagoba Arrasateren taldea ez zen 1-1ekoarekin konformatzen eta ia bigarren zati osoan berdegunean jaun eta jabe izan da.

Hala ere, gutxitan izan bada ere, arriskuarekin hurbildu da Valentzia Eñaut Zubikarairen ate ingurura. Nekea agertu da Realean, baina erritmoari eutsi dio. 80. minutuan, Finnbogasonentzat izan da abagunea, baina islandiarraren jaurtiketa ahula izan da.

Azken minutuak bihotzekoa emateko modukoak izan dira. Talde biek izan dute garaipenaren gola egiteko aukera. Bisitariek huts egin dute, eta Realean Granero eta Canales ez dira Alves ezustean harrapatzeko gai izan. Azkenean, puntu banaketa Anoetako neurketan.

Fitxa teknikoa:

1.- Reala: Zubikarai; Zaldua, Elustondo (Mikel, 70'), Iñigo Martinez, De la Bella; Bergara, Zurutuza (Granero, 69'), Xabi Prieto, Canales; Vela eta Agirretxe (Finnbogason, 77').

1.- Valentzia: Alves; Barragan, Mustafi, Otamendi, Gaya; Javi Fuego, Parejo (Orban, 81'), Andre Gomes (Filipe Augusto, 46'), Rodrigo; Paco Alcacer eta Carles Gil (Feghouli, 46').

Golak:

0-1, 15': Carles Gil.

1-1, 36': Canales.

Albisteak (3)

Bideoak (1)