Itxi

2-1Atleticoren aurka

Arnasa hartzeko urrezko hiru puntu eskuratu ditu Realak

Erredakzioa

Asier Santanak bere helburua lortu du: Realak bestelako irudia eskaini du, eta hain beharrezkoa zuen garaipena eskuratu du.

Realak garrantzi handiko garaipena eskuratu du Atletico Madrilen aurka (2-1), eta jaitsiera postuetatik atera da, nahiz eta Almeria, Deportivo, Elx eta Levante taldeekin bederatzi puntura berdinduta egon.

Intentsitate handiko lehen zatia jokatu dute txuri-urdinek eta madrildarrek. Mandzukicek 9. minutuan estreinatu du markagailua. Kroaziarrak Raul Garciaren pasea baliatu du Eñaut Zubikarai gainditzeko (0-1). Zazpi minutu geroago, norgehiagoka berdindu du Carlos Velak. Mexikarrak gol ederra sartu du.

Atsedenaldirako hamar minuturen faltan, Imanol Agirretxeren gola saihestu du Godinek. Mirandak aurrelariari eman dio baloia, atzean kale eginda. Gipuzkoarrak Moya atezainari izkin egin dio eta erremate gurutzatua egin du, baina Atletico Madrileko atzelari uruguaitarra agertu da, eta baloia aldaratu egin du. Buru-belarri ekinez, joko zirraragarria eskaini die Realak zaleei.

Simeoneren taldea hamar gizonekin geratu da 50. minutuan, Siqueirari bigarren txartel horia erakutsi baitio epaileak. 52.ean, Mandzukicek Velari egindako penaltia eskatu du Realak, baina Alvarez Izquierdok ez du ezer adierazi. 59.ean, kroaziarra izan da berriro ere protagonista, 1-2koa egiteko abagune ezin hobea izan baitu. Ansaldik bigarren zutoinean utzi dio baloia, baina jokalariak kanpora bidali du.

63. minutuan, beste penalti bat eskatu dute etxekoek, oraingoan Ansaldik baloia eskuarekin ukitu duelako. Talde gipuzkoarrak lanean jarraitu du, garaipenaren bila, eta, 83.ean, 2-1ekoa egin du Agirretxek. Zalduak ezkerretik erdiratu du eta Usurbilgoak buruz errematatu du. Griezmann sartu da jarraian, eta Anoetako zaleen txistuak entzun behar izan ditu.

Donostiarrek urrezko hiru puntu eskuratu dituzte, eta, segur aski, igandean ezagutuko dute entrenatzaile berriaren izena. Asier Santanak bere helburua lortu du: Realak bestelako irudia erakutsi du, eta hain beharrezkoa zuen garaipena lortu du.

Fitxa teknikoa:

2 - Reala: Zubikarai; Carlos Martinez, Mikel, Iñigo Martinez, Yuri (Zaldua, 55'); Bergara, Granero, Xabi Prieto; Chory Castro (Hervias, 83'), Agirretxe, Carlos Vela (Zurutuza, 86').

1 - Atletico: Moya; Juanfran, Miranda, Godin, Siqueira; Gabi (Cebolla Rodriguez, 84'), Mario Suarez (Ansaldi, 53'), Koke; Arda Turan (Griezmann, 84'), Raul Garcia, Mandzukic.

Golak:

0-1, 10': Mandzukic.

1-1, 14': Carlos Vela.

2-1, 83': Agirretxe.

Albisteak (3)

Bideoak (1)