Itxi

Baieztatuta

David Moyes izango da Realaren entrenatzaile berria

Erredakzioa

Entrenatzaile eskoziar entzutetsuak 2016ko ekainaren 30a arteko kontratua sinatu du talde donostiarrarekin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

David Moyes eskoziarra izango da Realaren entrenatzailea 2016ko ekainaren 30a arte gutxienez, Donostiako taldeak ohar batean jakitera eman duenez.

Egunotan gogor negoziatu ostean, Realak Evertonen eta Manchester Uniteden prestatzaile ohia kontratatu du, Jagoba Arrasate kargutik kendu eta astebetera.

Talde txuri-urdinak iragarrita zuen astelehenean jakinaraziko zuela nor izango zen Arrasateren ordezkoa. Jokin Aperribayk hasieratik egin zuen entrenatzaile eskoziarraren aldeko apustua, baina Pepe Mel Betis taldeko prestatzaile ohiarekin ere harremanetan zirela aitortu zuen.

Atzoko azken orduetan negoziatu ondoren, Realak David Moyesen fitxaketaren berri eman du gaur goizaldean, klubaren webgunean jarritako ohar baten bitartez.

Realak bertan eman du jakitera 2016ko ekainaren 30a arteko kontratua sinatu duela entrenatzaile berriak, baina ez du xehetasun gehiagorik eman. Hori horrela, gaur espero da jakitea Moyesen laguntzaileak nortzuk izango diren eta noiz izango den aurkezpen ofiziala.

Etxeko entrenatzaile baten aldeko jarrera erakutsi eta gero, Realak kolpe bat eman nahi izan du mahai gainean Premier Leagueko entrenatzaile entzutetsua kontratatuta.

Everton taldearekin arrakasta izan ondoren, Alex Fergusonek berak aukeratu zuen Moyes Manchester Uniteden bere ordezkoa izateko, baina Old Trafforden ez zituen helburuak bete eta kargutik kendu zuten iaz.

Realeko prestatzaile berriaren erronka taldea suspertzea izango da, Liga hasiera kaskarra egin baitu. Hala ere, taldea une goxoan hartuko du, igandean Atletico Madrili irabazi ostean.

Albisteak (4)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)