Igandean, 21:00etan
Anoetatik urrezko puntuak atera nahi dituzte Realak eta Athleticek
Erredakzioa
El Madrigaleko kolpe gogorraren ostean, taldea hobetu nahi du Moyesek. Valverdek ez du inoiz Anoetan irabazi.
Realak zein Athleticek, biek ala biek, puntuak nahi dituzte Anoetako derbitik. Txuriurdinek atzean utzi nahi dituzte jaitsiera postuak, Vila-realen aurka porrot mingarria jasan ostean (4-0). Zuri-gorriak Europa Ligara sailkatuta eta azkenaren aurka galduta (0-1) helduko dira Anoetara.
David Moyesen iritsierak beste irudi bat eman zion Donostiako taldeari, baina Vila-realen kontra, irabazitako guztia galdu zuen Realak. Athleticen aurka, britainiarrak ez ditu prest izango Gorka Elustondo, Joseba Zaldua eta Imanol Agirretxe, lesionatuta daudelako.
Realaren hamaikakoan aldaketak egotea ez litzateke sorpresa izan behar. Atean ere bai: Zubikaraik partida txarra egin ostean, Gero Rulli zelairatu dezake entrenatzaileak, Ligan lehenengo aldiz.
Jon Gaztañaga ere hamaikakoan sar daiteke, eta Chory Castrok Carlos Vela aurrean laguntzeko aukera dago.
Athleticek, bere aldetik, Ligan hasitako garaipenen bidera itzuli nahi du. 18 puntutik 14 lortu zituen, baina Kordobaren aurka San Mamesen bolada onari amaiera kaskarra jarri zion. BATEren aurkako azken Txapeldunen Ligako partidaren ostean eta Europa Ligako txartela lortuta, indartuta helduko dira zurigorriak Anoetara.
Aritz Adurizek asteazkene jokatu zuen, eta Anoetan egongo da. Bere taldea menpekotasun handia erakusten ari da aurrelariarekin. 22 goletatik, 8 Adurizenak dira, eta zelaian dagoenean, hobekuntza izugarria dago taldean.
Beñat Etxebarria eta Iker Muniain hamaikakora itzul daitezke. Andoni Iraolak, aldiz, hainbeste aldiz jokatutako partida galduko du. Oscar de Marcos eskuin hegalekora itzuliko da.
USTEZKO HAMAIKAKOAK
Reala: Rulli; Carlos Martinez, Ansotegi, Iñigo Martinez, De la Bella; Gaztañaga, Granero, Xabi Prieto; Chory Castro, Finnbogason eta Carlos Vela.
Athletic: Iraizoz; De Marcos, San Jose, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico, Beñat; Susaeta, Aduriz eta Muniain