Bana
Realak bi puntu utzi ditu Granadan (1-1)
Erredakzioa
David Moyesen taldeak zortzi hilabete daramatza etxetik kanpo partidarik irabazi gabe. Carlos Vela eta Fran Rico izan dira golegileak; biak, penaltiz.
Realak eta Granadak puntuak banatu dituzte Andaluziarren estadioan jokatutako partidan. Emaitzak ez du inor gustura utzi, bi taldeek euren bolada txarrekin amaitzeko aukera alferrik galdu dutelako.
Neurketako bi golak penatiz sartu dituzte. Carlos Vela mexikarrak aurretik jarri ditu txuri-urdinak lehen zatiko 36. minutuan. Granadaren gola, berriz, Fran Ricok egin du, penaltiz ere bai, partida amaierarako 12 minuturen faltan.
Granadak bizitasunez hasi du partida, baina Caparrosen taldearen bultzadak 10 minutu eskas iraun ditu. Reala apurka-apurka partidaren kontrola hartzen joan da, batez ere Sergio Canalesek kontraeraso batean izandako aukera garbiaren ostean.
Donostiarren nagusitasunak saria izan du lehen zatiko azken laurdenean. Sylvain Babinek penaltia egin dio Canalesi, area barruan helduta, eta Carlos Velak ez du barkatu.
Atsedenaldiaren ostean, Realak azken asteetako ohiturari eutsi dio eta behera egin du nabarmen. Caparrosen mutilak aurkaria estutzeko aprobetxatu dute eta 78. minutuan epaileak penalti zorrotza adierazi dio Ruben Pardori. Fran Ricok jaurti eta banakoa egin du.
Azkenean bana amaitu da partida. David Moyesen taldeak zortzi hilabete luze daramatza Anoetatik kanpo irabazi ezinda.
Fitxa teknikoa:
1 - Granada: Oier; Nyom, Babin, Mainz, Sissoko; Iturra, Javi Márquez (Piti, m.88), Fran Rico; Foulquier (Riki, m.46), Lass, El Arabi (Success, m.57).
1 - Reala: Rulli; Carlos Martínez, Íñigo, Ansotegi, De la Bella; Xabi Prieto, Elustondo, Pardo, Chory Castro (Finnbogason, m.69); Canales (Yuri, m.90), Vela (Agirretxe, m.92).
Golak: 0-1, M.36: Vela, penaltiz. 1-1, M.78: Fran Rico, penaltiz.
Rico, penaltiz.