Prentsaurrekoa
Aperribay: 'Zentzuz fitxatu beharra dago'
Erredakzioa
"Ez ziren nahi genituen jokalariak ekartzeko baldintzak eman. Ez genuen fitxatzeagatik fitxatu nahi", adierazi du Realeko presidenteak.
Jokin Aperribay Realeko presidenteak prentsaurrekoa eskaini du astelehen honetan, eta talde txuri-urdinaren gaurkotasuna aztertu du.
Anoetaren erreformarako beharrezkoa den dokumentazioa asteartean aurkeztuko dutela jakinarazi du presidenteak: "Beste pauso bat. Errekurtso bat dago, baina aurrera ez joatea espero dugu eta mesedegarria izatea. Adjudikazioa apirilaren erdialdean eman daiteke".
Neguko merkatuan klubak egindako mugimenduez ere hitz egin du, eta Nabil jokalariari buruz galdetu diotenean, lagapena nahi zutela aitortu du: "Utzita jokatzeko aukeraz hitz egin zen, udara eta gero jarraitzeko aukerarekin, baina formatu horrek ez zuen funtzionatu eta azken astean fitxatzen saiatu ginen. ALK atzera bota zen".
"Ez ziren nahi genituen jokalariak ekartzeko baldintzak eman. Ez genuen fitxatzeagatik fitxatu nahi. Fitxatzea ez fitxatzea baino askoz errazagoa da, baina zentzuz egin behar da. Vela ordezkatzea oso zaila da", adierazi du.
"Illarra ez zela aterako bagenekien, baina bai, bere egoeraz interesatu ginen", esan du Jokin Aperribaik Real Madrileko jokalariari buruz galdetuta.