Itxi

Sevillaren aurka

Partida eroan nagusitu da Reala (4-3)

S.L. | eitb.eus

Amaierarako hamar minuturen faltan markagailuan atzetik zen Moyesen taldea, baina neurketari buelta eman dio. 4-3koa Prietok egin du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Realak garrantzizko eta sufritutako garaipena eskuratu du Sevillaren aurka (4-3) Anoetan jokatutako 24. jardunaldiko neurketan. Partida eroa bezain zirraragarria izan da, eta hiru puntuak Moyesenek eskuratu dituzte.

Andaluziarrak arriskuarekin hurbildu dira aurreneko ordu laurdenean. 9. ean Rulli ezustean hartzeko zorian izan da Deulofeu, eta minutu bat geroago Alex Vidalen jaurtiketa arriskutsua gelditu du atezain argentinarrak. Baina Reala izan da markagailua estreinatu duena, 15.ean. Arribasen hutsegitea, eta Imanol Agirretxek bolea eder batekin zulatu du sarea.

Etxekoen golaren ondoren, neurketa berdintzen ahalegindu dira Unai Emeryren gizonak, baina Reala gehiegi estutu barik. Atsedenaldirako hamar minuturen faltan, Canalesek 2-0ekoa egiteko aukera paregabea izan du, baina Sergio Ricoren aurrean kale egin du.

Sevilla hondatzen hasia zen, baina Moyesen taldea ez da egoera baliatzeko gai izan, eta bisitariek norgehiagoka berdindu dute 43.ean (1-1). Deulofeuk korner bat atera, eta Kolo frantziarrak, ia angelurik gabe, errematatu eta Rulli gainditu du, ezustean.

Gipuzkoarrek bigarren zatia hasi eta berehala hartu dute berriro ere aurrea markagailuan. Teixeira Vitienesek Ansotegiri egindako penaltia adierazi du, eta Xabi Prietok ez du hamaika metroetatik huts egin (2-1, 47.ean).

Minutu bakar batean, bi baloi zutoinera bidali ditu Sevillak. Lehenengoa Arribasena izan da, 54.ean, eta jarraian Carriçok urrutitik jaurti du.

Sevilla konfiantzarekin ari zen, eta 67.ean neurketa berdindu du Baccak (2-2). Kolonbiarrak buruz errematatu du Banegak ateratako falta. 71.ean gutxigatik ez du talde andaluziarrak 2-3koa egin. Ansotegik saihestu du gola, baina epaileak baliorik gabe utzi du jokaldia, ustezko jokoz kanpoagatik. Jokaldi polemikoa izan da. Izan ere, Rullik Diogo lurrera bota du, baina Teixeirasek ez du ezer adierazi.

Baina 77.ean Iñigo Martinezen eskua ikusi eta penaltia adierazi du epaileak. Gaimerok egin du bisitarien hirugarrena (2-3). Partida erabat erotuta zegoen, eta bost minutu geroago 3-3koa egin du Arribasek bere atean.

Azken minutuak bihotzekoak emateko modukoak izan dira, eta 90.ean garaipenaren gola sartu du Xabi Prietok. Kapitainak buruz errematatu du korner batean era hiru puntuak eman dizkio Realari.

Fitxa teknikoa:

4.- Reala: Rulli; Zaldua, Ansotegi, Iñigo Martinez, De la Bella (Finnbogason, 80'); Granero, Ruben Pardo, Xabi Prieto; Canales (Hervias 76'), Chory Castro ( Bergara, 88') eta Agirretxe.

3.- Sevilla F.C: Sergio Rico; Tremoulinas, Arribas, Kolo, Diogo; Iborra (Denis Suarez, 64'), Delofeu (Vitolo, 46)', Ever Banega, Carriço, Vidal; Bacca (Gameiro, 69').

Golak:

1-0, 16': Agirretxe.

1-1, 42': Kolo.

2-1, 47': Xabi Prieto.

2-2, 67': Bacca.

2-3, 77': Gameiro.

3-3, 82': Arribas (b.a.)

4-3, 90': Xabi Prieto.

: Xabi Prieto.

Albisteak (2)

Bideoak (1)

Audioak (1)