Itxi

Numantziaren aurka

Reala: Irabazteko asko du

Ander Altuna

Zubieta

Soriako taldearen ilusioak lurperatu ditzake Realak igandean irabazita. 11 puntu kenduko lizkiokeen, diferentzia salbaezina.

Nekagarria izan ohi da jazarpen lanean aritzea, batez ere, puntu tartea, koskorra izan edo ez, jaten ez duzula ikusten duzunean. Horretaz zer edo zer badakite txuri-urdinek. Aurreko bi urteetan itsasoa igaro dute bazterrean itota bukatzeko. Arrisku berbera du Numantziak, baldin eta Anoetatik gailen ateratzen ez bada. Arkonadaren taldeak denboraldi osoa darama igoera postuak harramazkatuz, baina eutsi ezinik. Ia huts egiteko marjinik gabe gelditu dira ondorioz eta galduz gero, begien bistatik desagertuko litzaiekeen Reala.

Duela bi urte, mailaz igotzea lortu zuen multzoaren antzerako ezaugarririk badu Numantziak. Guztiaren gainetik talde bat da, txukun antolatutakoa, lehiakorra, langilea, eskuzabala, egitura defetsibo zorrotza duena eta geldikako jokaldiei zukua ateratzen dakiena. Buruz-burukoak ez du kabidarik. Dena den, maila bat beherago dago. Ez da hain trinkoa, hain sendoa. Kalitatea ere ez du soberan. 2008ko martxoan, 0 eta 1 irabazi zuen Anoetan Del Pinok azken minutuan sartutako gol bati esker. Bataren gorakada bestearen beherakada izan zen orduan. Numantzia hura ordea, etxetik kanpo neurketarik galdu gabe iritsi zen Donostiara. Aurtengoak, aldiz, galdutakoak sei ditu. Orduko hartan gainera, Reala zen sailkepenean behetik gora egin nahi zuena adarrak hautsi beharrean. Presio gehiago zuen bizkar gainean, astunegia azkenerako. Gaur gaurkoz, ispiluaren beste aldean ageri da, Numantziak bere garaian emandako ukabilkada emateko aukerarekin. Horretarako, arratsalderik onenetako jokoa egin behar du kontrario gaiztoa delako soriakoa. Baliatzen jakingo ote du?



Albisteak (1)