Helmantikon
Salamanca-Reala (0-0): Distirarik gabeko liderra
Erredakzioa
Martin Lasarteren jokalariak sailkapenaren buruan jarri dira, baina ez dute lider batek berezkoa ohi duen distirarik erakutsi.
Salamancak eta Realak berdindu egin dute (0-0) Helmantico futbol-zelaian, Adelante Ligako 28. jardunaldiko partidan.
Neurketako aukerak eta nagusitasuna batzuena zein besteena zen, aldakorra. Hala ere, Reala talde gaztelarra baino hobeto aritu da. Aukerak zerrendatzen diren koadernoan, ordea, ia hutsik agertzen da lehenengo 45 minutuei dagokien orrialdean.
Txuri-urdinek ez dute Helmanticon liderrek izan ohi duten anbizioa agertu.
Atsedenaldiaren ondoren, gidoiak antzeko bideetatik jo du. Norgehiagoka ez gatz eta ez piperrik ez zuen, eta zaleak bere aulkietatik altxarazteko motiborik ez zuen ematen.
Lasartek Zurutuza atera zuen bigarren zatiko 17. minutuan eta Realak beste itxura bat eman du. Momentu horretatik aurrera, bertsio ondua eman du talde donostiarrak.
Txuri-urdinak saiatu dira gola lortzen, baina gol aukera argirik sortu gabe eta arrisku handirik sortu gabe Salamancakoen ate inguruan.
Carlos Bueno Agirretxeren ordez sartu da Realaren aurrealdea suspertzeko, eta azken minutuetan, Bueno zelaian zela, heldu dira Lasarteren jokalarien gol aukera arriskutsuenak.
Azkenean, golik gabeko berdinketa, eta Reala sailkapenaren buruan. Distirarik gabe, ordea.