Porrota
Penagarri aritu da Reala El Molinonen (5-1)
Leire Etxazarra | eitb.eus
Lehen gola neurketako 14. segundoan jaso dute donostiarrek eta defentsan hainbat opari egin dituzte. Sporting aise gailendu da, ezertxo ere egin gabe.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Realak azken garaietako partidarik txarrenetarikoa egin du ostiral honetan El Molinon zelaian eta merezita galdu du 5 eta 1 Sporting Lehen Mailako talde ahulenetarikoaren aurka.
Eusebioren taldeak opari asko eta handiak egin dizkie asturiarrei; lehenengoa, 14. segundoan. Atzelarien eta Rulliren hanka-sartze galanta ondo aprobetxatu du Carmonak neurketako lehen gola egiteko.
Erreakzionatzeko denbora barik, asturiarrek bigarrena ere egin dute. Ndik sartu du, Realeko atzelariek egindako beste opari baten ondorioz. Donostiarrak erabat lokartuta atera dira zelaira, intentsitaterik eta ideiarik gabe. Ez sinesteko modukoa izan da.
Sportingeko jokalariak erraz iritsi dira Rulliren area ingurura, eskuineko hegaletik batez ere.
Lehen ordu erdia bete denean, hobera egin du Realak, eta hobekuntza horri esker iritsi da Carlos Velaren gola. Bi eta batekoarekin, txuri-urdinak partidan sartu dira berriro. Baina itxaropenak gutxi iraun die. 44. minutuan, defentsan egindako beste huts batek Sportingen gola ekarri du. Sanabriak sartu du.
Atsedenaldiaren ostean, norgehiagoka hautsita egon da, eta Sanabriak berriro gola egin du, Rullik baloia harrapatzerakoan egindako hanka-sartzea aprobetxatuz.
Laugarren golak partida hil du
Laugarren golarekin neurketa amaitu da. Donostiarrek amore eman dute, eta Sporting eroso aritu da zelaian. Molinoneko ikusleek ezin izan dute sinetsi ikusten ari zirena. Batez ere, kontuan izanda, jokoan izan diren azken 27 puntuetatik Sportingek hiru bakarrik atera dituela, Realarekin jokatu aurretik.
Jonathasek urrutitik egindako jaurtiketa bat izan da bigarren zati osoan Realak egindako gauzarik aipagarriena.
81. minutuan, Sanabriak bosgarrena egin du, bere hirugarrena, eta 5-1ekoa jarri du markagailuan.
Partida txarra egin dute Eusebioren gizonek, eta emaitza, are txarragoa, batez ere, kontuan izanda, Sportingek ezer gutxi egin duela partida irabazteko. Gauza asko zuzendu behar dituzte gipuzkoarrek.
Fitxa teknikoa:
5.- Sporting: Cuéllar, Lora, Luis Hernández, Jorge Meré, Isma López, Sergio Álvarez (Mascarell, 62. min), Rachid, Carmona, Ndi (Halilovic, 74. min), Jony (Álex Menéndez, 78. min) eta Sanabria.
1.- Reala: Rulli, Zaldúa, Elustondo (Mikel González, 45. min), Íñigo Martínez, Héctor, Xabi Prieto, Bergara (Pardo, 74. min) Ilarramendi, Vela, Jonathas y Bruma (Oyarzabal, 46. min)
Golak: 1-0, 1. min: Carmona, 2-0, 8. min: Ndi. 2-1, 37. min: Carlos Vela. 3-1, 43. min: Sanabria. 4-1, 52. min: Sanabria. 5-1, 81. min: Sanabria.
min: Sanabria.